Arditurriko txondorra bisitatuko du igandean Oarsoirriak-ek
Txondor jaia antolatu du Oarsoirriak taldeak Errenteria-Orereta, Oiartzun, Lezo eta Pasaiako familiei begira.
Txondor jaia antolatu du Oarsoirriak taldeak Errenteria-Orereta, Oiartzun, Lezo eta Pasaiako familiei begira. Igandean egingo dute bisita Arditurrira eta horretarako 11:30ean elkartuko dira Ergoiengo Pagoalde industrialdean. Txondorra bisitatzearekin batera, Arditurrin bertan bazkaldu eta jolasteko aukera izango dute jaiarekin bat egiten duten haur eta gurasoek. Ergoiendik oinez edo tren berdean joateko aukera izango da, eta trikitilariek lagunduta egingo dute bidea Arditurrira. Salda bera izango dute zain iristen direnean eta ikazkinak prest txondorraren gaineko azalpen guztiak emateko. Arratsalde partean jolasen tartea helduko da eta 15:30etan altxorraren bila antolatu dute inguruetan, karaokea, musika eta dantza ere ez dira faltako. 17:30ean amaituko da jaia eta bueltarako bi aukera izango dituzte parte hartzaileek ere, tren berdean itzuli edo onez. Azken horiek linterna eta suziekin egingo dute itzulera. Euria egiten badu ere mantendu egin dute hitzordua Oarsoirriak taldekoek, baina orduan tren berdean egingo dute bidea Arditurriraino eta ordezko plana ere osatu dute. Igandean denei ikazkin jantziekin joateko deialdia ere egin du taldeak: Maoizko galtzak edo urdin ilunak, alkondara koadroduna, artilezko galtzerdiak, abarkak edo botak, lepoko zapia eta txapela.