Oiartzungo Udalak Eugenio Arozena oiartzuarraren antzerki bilduma Euskaltzaindiari dohaintzan eman dio. Gaur eguerdian sinatu dute hitzarmena.
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Jexux Leonet alkatea hitzarmena sinatzen
Oiartzungo Udalak Eugenio Arozena oiartzuarraren antzerki bilduma Euskaltzaindiari dohaintzan eman dio. Gaur eguerdian sinatu dute hitzarmena Jexux Leonet alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eugenio Arozena bera ere agerraldian izan da. Bildumak euskarazko antzerkia eta antzerki unibertsalari buruzko 2.800 erregistro baino gehiago ditu eta liburu, aldizkari, artikulu, kartel eta argazkiak ditu. Hala, material hori guztia herritarren zein ikertzaileen eskura jarri dute.
“Teatroa gizartearen aurrean jarri da eta pozten naiz. Euskaltzaindiari baldintza bat jarri genion: Intxixu taldearen lana jendearen esku jartzea”, azaldu du Arozenak. Materiala “ondo tratatuko” dutela hitz eman du Urrutiak. Hurrengo urteetan bilduma katalogatu egingo dute eta digitalizatu.
Euskararen historia
Antzerki bilduma honek euskararen historia “garrantzitsu eta esanguratsua” biltzen duela nabarmendu du Urrutiak: “Teatroa aukera bakarra izan garai batean euskara kalean erabiltzeko. Altxor bat da”.
1.750 euskarazko antzerki lan biltzen dira bilduman, 1.300 inguru euskarazko antzerkiari buruzko idatziak, 600 argazki inguru, 800 bat liburu antzerki unibertsalari buruz eta 175 bat aldizkari antzerki unibertsalari buruz.
Arozenaren ibilbidea antzerkigintzan
1960ko hamarkadan hasi zen antzerki munduan Eugenio Arozena, Lartaunen bitartez. Berak eta beste zenbait gaztek 1970ean Intxixu Taldea sortu zuten, antzerkiaren munduan esperimentatzeko asmoz. 1971n antzerki obrak biltzen hasi zen. Udalak 2005ean erosi zion antzerki bilduma.
Elizaren eragina euskal antzerkigintzan (II. Errepublika aurretik 1960ko hamarkada arte) aztertzen ari da gaur egun eta antzerki obretako ikus-entzunezko irudiak bilatzen.