Bi kiroldegietan eskaintzen diren ikastaroetako ordutegi eta jarduerak aldatu egingo dituzte, hilaren 21etik (astelehena) 2016ko urtarrilaren 8ra bitartean.
Ur parkeak antolatu dituzte Fanderia eta Galtzarabordako kiroldegietan txikienei begira. Hilaren 22an (asteartea) egingo dute lehen Ur olinpiada Galtzarabordako kiroldegian 17:00etatik 19:00etara, eta hilaren 29an (asteartea) Fanderian ordu berean. Ikastaroko ikasleek doan izango dute sarrera ur olinpiadara, eta kirol instalazioetako abonatu direnek berriz, 4 euro ordaindu beharko dituzte. Jolasak urtean egiteko pentsatuta dagoela parkea esan dute arduradunek, “urarekin duten harremana hobetzea da helburua”. Joku eta jarduera guztiak instalazioaren langileek ikuskatuko dituzte. Ezinbesteko baldintza, igerian jakitea.
Bi kiroldegietan eskaintzen diren ikastaroetako ordutegi eta jarduerak aldatu egingo dituzte bestalde, hilaren 21etik (astelehena) 2016ko urtarrilaren 8ra bitartean. Helduen ikastaroetako ordutegi berria Udal Kirol Patronatuaren
webgunean kontsulta dezakete interesdunek.
Ciclo indoorreko eskola berezia
Gabonetako oporrak Ciclo Indoorreko eskola berezia egiteko ere baliatuko dituzte. Hilaren 26an (larunbata) urteko hogei abestirik onenei birpasa egingo diete saioaren bidez. 18:30ean hasiko da saioa eta ordu erdiko iraupena izango du. Jardueretarako gaurtik aurrera eman beharko da izena eta Kirolkide Ekintzak programaren jardueretako harpidedunentzat doakoak izango dira. Argibide gehiagorako kirol instalazioetako harreretara deitzea dagoela azaldu dute arduradunek, Galtzarabordako kiroldegiko 943 44 96 90 edo Fanderiako 943 34 44 23 telefono zenbakitara hain zuzen ere.