Hirigunea zeharkatzen duen ibai eremua "birgaitu eta biziberritzea" da planaren helburua eta horretarako 12 ekintza eta 47 garapen proposamen jaso dituzte.
Oiartzun ibaia Fanderian
Errenteriako Oiartzun ibaiaren inguruneko paisaiaren ekintza plana onartu zuen hilabete hasieran tokiko gobernu batzordeak, eta horrenbestez aurrera doa. Hirigunea zeharkatzen duen ibai eremua “birgaitu eta biziberritzea” da planaren helburua eta horretarako 12 ekintza eta 47 garapen proposamen jaso dituzte. Besteak beste, hirigintza, ingurumen eta gizarte arloetan hobekuntzak egitea aurrikusten du planak, hondatutako eremuak berreskuratzea, elementuak edertzea eta herritarrek eremuaz gozatzeko ekintzak sustatzea.
Epe motz, erdi eta luzean banatu dira plan horren barruan ekintzak eta dagoeneko batzuk martxan direla esan du Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak: “Iztietako ibai ertzean hobekuntzak dinamizatu eta ibaiaren inguruan jarduera fisiko osasungarria sustatzen ari da udala”. Kasu horretan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila eta Osakidetzarekin elkarlanean ari da Errenteriako Udala. Halaber, 2016ko aurrekontuetan hainbat diru zati gehitu direla gaineratu du Ondartxon itsasadarraren nabigazioa ahalbidetzeko. URA Uraren Euskal Agentzia eta Añarbeko Urak erakundeekin gestioak egiten ari dela udala esan du Legorburuk, “ibaiaren ingurumena leheneratzeko”.
Ekintza plana aurten idatzi du Ingurumen sailak udalerriko hainbat gizarte eragile eta beste admisitrazioekin elkarlanean.