Zumardia, Zumardi txikia, Herriko plaza, Foru plaza eta Biteri txiki kaleetan barrena banatu dituzte postuak.
San Tomas Errenteria-Orereta
Txistorra da nagusi gaur Errenteria-Oreretan eta gainezka daude kaleak San Tomas feriaz gozatzeko. Elurtxo, azokaren protagonista, Zumardiaren erdi erdian dago eta aurtengo txerriak zer pisu duen asmatzeko porra ere antolatu dute San Tomas batzordekoek. Hamaika postu, hamaika erosteko eta ikusteko, barazki, bitxi, arropa, gozogintza produktuak eta nola ez janari eta edari postuak, denak gainezka.
Agirre Lehendakariaren plazan berriz, beraien neurrira egindako herri kiroletaz gozatzerik izan dute txikienek: Lasto altxaketa, txingak, lokots bilketa, harri jasotzea… abilak direla erakusteko aukera baliatu dute askok.
Zumardia, Zumardi txikia, Herriko plaza, Foru plaza eta Biteri txiki kaleetan barrena banatu dituzte postuak.
Aldarrikapenerako tartea ere izan da eta Gure Esku Dago dinamikaren postuarekin batera, Sarerena era jarri dute. 13:00etan gainera euskal presoen aldeko argazki erraldoia egin dute hamarnaka lagunek Mikelazulo pasabidean, urtarrilaren 9an Bilbora eta Baionara deitzeko.
Arratsaldeko egitaraua:
- 15:00etatik 17:00etara: Herri kirolak, Zumardian.
- 15:00etatik 19:00etara: Txaranga herrian zehar.
- 17:00etan: Txapel jaurtiketa txapelketa, Foru plazan.
- 18:00etan: Amulleta danbor kofradia herrian zehar.
- 18:30etik 20:00etara: Jauziak, Zumardian.
- 20:30ean: Sari banaketa, Zumardian: txerriaren pisuaren porraren emaitza, jantzi ederrena eta postuetako txistorra xamurrena.