Antolatzaileak, atzo, aurkezpenean
Hilaren 26an, larunbatean, Lezoko Gure Esku Dago-k (GED) berriz ere erabakitzeko eskubidearen gaia kalera atera eta horren aldeko indarrak bilduko ditu. Hori, Euskal Herriko herri askotan egingo duten bezala, argiekin egingo dute, argiak barruan izango dituzten puxikekin. 17:30ean hasiko da GEDen ekitaldia, Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin Karlos Saldise plazan). Zerura zabalduko dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko puxika argiztatuak.
GEDek esan duenez erronka izango da larunbatean Lezoko plaza puxikez eta argiz betetzea, “urteko egunik laburrenak eta gaurik luzeenak diren garai honetan, arratseko iluntasuna erabakitzeko eskubidearen aldeko argiz bete nahi dugu. Erabakiari argia eman nahi diogu lezoar guztien laguntzaz eta jai giroan”.
Horretarako, puxiken ekitaldiaz gain txokolate beroa banatuko dute, musika egongo da, baita ikus-entzunezkoak ere.
Puxikak aldez aurretik eskatu behar dira. Horretarako, herriko hainbat elkarteetako kideak tiketak euro batean saltzen ari dira, hilaren 26an bertan tiket horiekin puxikak jasotzeko. “Erabakitzeko eskubideari argi eman nahi dioten lezoarrak bildu nahi ditugu larunbatean plazan. Lezoar guztiak gonbidatu nahi ditugu, beraien argia eskuratzera eta larunbatean plazako ekitaldian parte hartzera”, esan dute antolatzaileek.