Lezo-Jaizkibel lasterketaren hirugarren ekitaldia mendian bertan prestatu nahi dutenentzako hainbat ohar jakinarazi dizkiete antolatzaileek
Mendiko lasterkariak, iaz, helmugara iristen
Lezo-Jaizkibel mendi lasterketaren III. ekitaldia egingo dute otsailaren 21ean: bertarako prestatutako 350 plazak, eta itxaron zerrendako 100ak agortuta daude. Hasierako 350 plazak ordu gutxitan bukatu ziren. Hortaz, l
asterketaren antolatzaileak oso gustura daude aurten ere probak izan duen harrerarekin, eta Jaizkibelen lasterkariek egingo dituzten entrenamenduetan jarri dute orain interesa: lasterkariei, entrenamenduak bitartean, Jaizkibel errespetatzeko eskatu diete, mendia zain dezatela, alegia.
Bide horretan, hainbat ohar helarazi nahi izan dizkiete kirolariei. Batetik, ohartarazi dute Jaizkibelen korrikalariak bakarrik ez, oinezkoak nahiz bizikleta zaleak ere ibiltzen direla, eta elkar trabarik ez egiteko eskatu dute. Aldi berean, zaborrik ez botatzea oinarrizkotzat eman dute, eta atakarik zabaldu behar balitz, hori pasatakoan ixteko eskatu dute.
Gazteentzako lasterketa
Berritasunekin dator aurten Lezo-Jaizkibelen hirugarren edizioa: gazteen lasterketa. 15-18 adin tartekoentzako lasterketa izango da (30 kideko muga jarri dute), eta orotara 7 kilometrokoa izango da euren zirkuitua: 10:00etan plazatik irtengo dira, Munttarrera igoko dira denak elkarrekin, eta behin pista jaisten dutenean eskuineko bidea hartu, Tiñelura iritsi eta handik helmugara (plazara) heltzeko. Irabazleak saria izango du.
Proba honetan izena emateko aukera zabalik dago,
Kirolprobak-en webgunean.
Iazko lasterketa
Iaz, Lezo-Jaizkibelen bigarren ekitaldia egin zen. Honakoak dira HITZAk bertan jaso zituen irudiak.