Eusebio Lasaren hitzetan espetxeak husteko garaia da.
Eusebio Lasa eskuinetik bigarrena. Argazkia: Goierriko Hitza
Euskal Herrira bueltan dira Anjel Mari Elkano eta Eusebio Lasa oreretarrak, eta 04/08 sumarioaren barruan auzipetutako ezker abertzaleko beste 33 kideak. Akordioa lortu dute gaur, eta horrenbestez beraietako inork ez du kartzelara joan beharko.
Lasarekin hitz egin du OARSO BIDASOKO HITZAk eta lehenengo balorazioa egin du oreretarrak. Helburua espetxera inor ez joatea zela esan du Lasak, eta horren harira akordioa lortu dutela, “erronka handia zen, eskaera fiskala hamar urtekoa zen eta gehienok prebentiboki bi urte eginak genituen kartzelan aurretik. Lortu dugu helburua, gutako inor espetxera ez joatea”.
Bigarren hausnarketa bat ere egin du Oreretarrak. Haren hitzetan espetxeak husteko garaia da, “eta guk uste dugu ekimen honek ziklo aldaketa ekarri dezakela oraindik gelditzen diren epaiketa politikoak desaktibatzeko, eta bide hortatik espetxe politika aldatzen joateko”.
Halako akordiorik ez zutela espero, eta ezustean hartu dituela aitortu du, “bereziki fiskaltzak horrelako proposamena edo aukera eduki duenean ere akusazio partikularrak beti, AVTk eta Dignidad y Justiziak beti kontra egin dutelako. Espero dugu hau ez izatea gauza puntuala, ziklo politiko berri baten ataria baizik”.
Somosierran (Madril,Espainia) ziren Lasa eta beste kideakharekin hitz egiteko unean eta dena ondo bidean arratsaldeko zortziak aldera iristsiko direla Elkano eta bera Errenteria-Oreretara esan du.