Urtarrileko merkealdietan bete-betean dabiltza saltoki eta kontsumitzaileak, eta azken horiei begira, hainbat aholku eman dituzte kontsumo bulegoek. Mauka, kontrako eztarritik ez joateko, zentzuz erostea da giltzarria.

Isabel Mancebo Balda
Gabonak amaituta merkealdiak hasi dira. Asko dira pagotxen bila ibiliko direnak saltokietako apaletan, aurretik ikusita zituzten soinekoa, prakak, oinetakoak edo tresna elektrikoa salneurri egokiagoan erosteko. Saltokiz saltokiko bidai zoroan alperrikako erosketetan, edo aurrekontua agortuko duten abenturetan abiatu aurretik, hainbat aholku zabaldu dituzte kontsumo bulegoetatik bezeroak laguntzeko.
Zentzuz erostea da giltzarria, «bai merkealdietan eta baita horietatik kanpo ere», esan du Anabel Sarasola Errenteriako Kontsumo Bulegoko arduradunak, «merkealdietan orokorrean erabiltzen diren irizpideak erabiltzeko aholkatzen diegu bezeroei». Garrantzitsua da zer erosi behar den ongi pentsatzea, zein behar dituen bezeroak aztertzea erosketa konpultsiborik ez egiteko. Horren harira, aurrekontua egitea ere aholkatu du Sarasolak, «daukagun diru kopurua ez gainditzeko». Aurreko guztiak, beraz, bezeroak kontuan hartu behar dituenak produktu ehizari ekin aurretik. Ez dira, ordea aholku bakarrak, erosketa egiteko garaian ere, hainbat kontu hartu beharko ditu gogoan bezeroak: zentzua erabiltzearekin batera, faktura edota tiketa eskatzea ezinbestekoa da erosterakoan: «Oraindik denda batzuetan ez dute ematen, eta halakoetan eskatu beharra dago. Bestalde, jende askok pentsatzen du txartelarekin ordaintzerakoan ematen duten agiria gordetzea nahikoa dela, baina ez da hala. Bertan zenbat ordaindu duzun eta zein dendetan erosi duzun azaltzen da, baina ez zer erosi duzun».
Erreklamazioa egiteko garaian tiketa ezinbestekoa bihurtzen dela gaineratu du Sarasolak, «kontsumo bulegoan beti eskatzen dugulako jakiteko erosketa noiz egin duen bezeroak, eta non eta zein produktu erosi duen». Tiketa zenbat denboraz gorde behar den ere esan du kontsumo bulegoko arduradunak, eta ziurrenik kontsumitzaile askok ez du jakingo bi urtez gorde behar direla, erositakoek orokorrean bi urteko bermea izaten dutelako, «tresna elektrikoen kasuan da batez ere garrantzitsua tiketak gordetzea, eta publizitatea eta kontratuak ere jasotzea aholkatzen dugu».
Produktuen salneurriari erreparatzeko ere eskatu dute. Horren harira, hainbat saltokitan edo Internet bidez produktu beraren salneurria alderatzeko aholkatu du Sarasolak.
Itzultzeko eskubiderik ez
Kontsumitzaileen artean kontrakoa zabalduta dagoen arren, saltokiak ez daude derrigortuta erositakoa aldatu edo haren balioa diruz edo erosketa txartel bidez trukatzera, «merkataritza politika hori dute saltoki askok, baina bezeroak ez du legez eskubiderik hori eskatzeko. Garrantzitsua da, beraz, zer erosiko dugun ongi pentsatzea, erosi badut ez dudalako legez eskubiderik aldatu edo itzultzeko. Azken batean norberaren errua da gustuko ez duen zerbait erostea, eta ez dendariarena».
2015ean zehar 1.544 bisita jaso zituen bulegoan Sarasolak, eta horietatik 346 kasutan bideratu zuen erreklamazioa.
Kexu gehien, eta alde handiarekin gainera, telefonia konpainien gainekoak izan ziren, «bertara joanda ez diete jaramonik egiten bezeroei eta gugana jotzen dute. Askotan badut sentsazioa telefono konpainien arreta zerbitzua dela kontsumo bulegoa. Batzuetan oso gaizki portatzen dira telefono konpainiak».
Arazo batekin hurbiltzen den kontsumitzaileari informazioa eman eta jarraitu beharreko bidea azaltzen diote kontsumo bulegoan. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 09:00etatik 14:00etara bertara daitezke kontsulta egitera interesdunak bulegora bertara (Olibet 6, Errenteria-Orereta). Telefonoz dei dezakete halaber, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara, 943 51 01 11 zenbakira.