Beti pozez, beti alai
San Sebastian bezperan, haur pasaitarrak ederki pasatzen ari dira danborrak joz
Guraso eta aiton-amonen begiradapean, sukaldariz dotore jantzita. Halaxe ospatzen ari dira gaur haur pasaitarrak San Sebastian bezpera. Bihar ez dute eskolarik, eta gaur, ikastetxeetan aritu dira danbor-jole, azken astetan Sarriegiren erritmoetan txintxo-txintxo trebatuta.
Arratsean, berriz, gazte eta helduek hartuko dute jaiaren lekukoa. Pasaian taberna guztiek eskaintzen dute gaur gauerako menu bereziak, eta elkarteetan zaila da mahai librerik topatzea. Hiriburuko festa handiak, bereganatuak ditu aspaldian aldiriak.
Anunciata ikastetxeak helduen konpainia eratu du
Anunciata ikastetxeko haurrek –Antxoko ikastetxea, Donostiako mugapean dago berez–, urtero legez, biharko Donostiako haurren danborradan parte hartuko dute, eta Donostiarako bidea hartu aurretik Gure Zumardian joko dute.
Berritasuna, aldiz, ikastetxeko gurasoek ekarri dute. Lehenbiziko aldiz konpainia eratu dute, eta danborradan irtengo dira bihar. 65 laguneko taldea osatu dute, irakasleek eta ikasle ohiek lagunduta. 18:00etatik aurrera ariko dira bihar, Altzatik barrena, 21:30ak inguru ibilbidea ikastetxean bertan bukatutzat emateko.
