Koalizioaren ustez, udal gobernua "kirurgia urbanistikoko jarduerak" saltzen ari da, kaiko Herreran poligono logistiko bat ezartzea baimentzen ari direla ezkutatzeko

Obdu Lorenzo eta Oihane Oronoz, EH Bilduko kideak, Trintxerpen
“Hiri erdialdean plataforma logistiko bat eraikitzeko asmoa” gogor salatu du gaur goizean Pasaiako EH Bilduk, eta Portuko Plan Bereziaren berrikuspena tramitera onartu izana gogor gaitzetsi du beste behin, udal gobernu taldeak biziberritzearen gaian aurrera eramaten duen kudeaketa arbuiatuta.
Salatu dutenez, Portuko Plan Bereziaren birformulazioak ez du aldundiaren ingurumen txostenik, eta gabezia larritzat jo dute, nahiz eta, EH Bilduren esanetan, Izaskun Gomez alkateari ez zaion “nahikoa albiste” iruditzen.
Horrez gain, aipatu planak Aholku Batzordean nahiko babesik ez duela jakinarazi dute, eta hala izanda ere galdeketarik edota parte hartze mekanismorik ez aurreikusi izana kritikatu dute.
Arazoa, eredua
EH Bilduren iritziz, Pasaiak eskumen arazo bat du, baina arazoa are larriagoa dela iritzi diote: “Eredua da arazoa, eta eredu hori zeinen mesedetara egon behar duen ere”. Zentzu horretan, Pasaiari dagozkion erabakiak herritik kanpo hartzen dituztelako kexu agertu da koalizio abertzalea, eta udal gobernu taldeari “lurraldeko lobby ekonomikoen alde” aritzea leporatu die. “Pasaiako alkatetza ez dago Arizabalo jauregian”, salatu dute, eta erabakiguneak aldundian eta Lakuan kokatu dituzte.
Egoera irauli asmoz, lanerako konpromisoa agertu dute, herriko “eragile politiko, sozial eta instituzionalekin elkarlanean aritzeko, dinamika soziala eratuz, orain arte aurrera eraman diren prozesu eraikitzaileen ondorioak gauzatu daitezen”.
Herrerako lurrak “herritarroi itzultzeko” eskatu dute, eta udalerri osoan herritarrekin batera adostutako egitasmoak gauzatzen hastea eskatu dute.