PSE-EEren eta EAJren kontrako mezuak jarri dituzte. Gogor gaitzetsi dituzte pintaketak.

Fatxada nagusiko pintaketa. Argazkia: Pasaiako Udala
Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta gobernu taldeak udaletxean (Donibanen dago) azaldu diren “mehatxuzko pintaketak” salatu dituzte, “era berean, kale indarkeriako ekintzen gaitzespena adierazi nahi dugu, zoritxarrez ez baitira gure kaleetatik desagertu”. Pintadak udaletxearen aurreko fatxadan eta alboan egin dituzte, PSE-EEren eta EAJren kontrako mezuekin, baita abenduan onartu ziren 2016ko aurrekontuen hainbat atalekin desadostasuna agertzeko esaldiekin.
Alkatearen eta gobernu taldearen oharrean jasota dago, ezker abertzaleari erreferentzia eginez, “batzuek hitzez” adierazten dutela “garai ezberdin batean” bizi dela gizartea, “eta aldaketak eskatzen dituzte. Alabaina, haien ekintzak betikoak dira, haien frustrazioak arintzeko ondasun publikoen aurkako erasoak egitea, alegia”.
Pasaiako gobernuaren zilegitasuna defendatu dute hedabideetara bidalitako testuan, gogoraraziz “4.000 botoren babesa” duela udala gidatzen duen bi alderdiko taldeak, “eta Pasaia eta pasaitarren etorkizuna hobetzeko lanean jarraituko dugu, udal hauteskundeetan izandako emaitza demokratikoa onartzeko gai ez direnek udalerriko pareta guztiak margotzen badituzte ere”.