Euskaltegiak astebeteko kultur programazioa atondu du Santa Ageda bezperaren bueltan
Mintzagun Saria irabazi duen ‘Brunilda’ filma proiektatuko dute
Euskaltegiko ikasgeletatik kalera jauzi egin asmoz, urtero-urtero, kultur astea antolatzen du Pasaiako Udal Euskaltegiak. Aurtengoa XXII. Kultur Astea, ostiralean hasiko da, Rezola sagardotegian, han bilduko baitira euskaltegiko ikasle eta irakasleak kultur astearen hasiera ospatzeko.
Astelehenerako (otsailak 1) programatu dute kultur astearen barruko bigarren jarduera, Trintxerpeko alkateordetzan. Iaz Mintzagun Saria irabazi duen
Brunilda filma proiektatuko dute lehenik, eta ondoren, lana zuzendu duen Eriz Alberdirekin solasaldia izango dute. Emanaldia nahi duen orori zabalik da, doakoa da, eta 19:00etan hasiko da.
Asteartean (otsailak 2) herriko emakume arraunlariak izango dira kultur astearen protagonistak. Iaz EuskoTren Liga eta Kontxa irabazi ondoren, Donibaneko Batelerak beren esperientziak partekatuko dituzte euskaltegiko irakasle eta ikasleekin. 15:00etarako jarria dute zita, udal euskaltegian bertan.
Hitzaldi-tailer batekin emango diote jarraipena kultur asteari, asteazkenean (otsailak 3). Eider Iruretagoiena
coach-aren eskutik, norberarekiko konfiantza indartzeko teknikak ikasiko dituzte. 09:00etan hasiko da tailerra, euskaltegian bertan.
Otsailaren 4ean, osteguna, beste tailer bat izango da Maxux Elosegik gidatuta. Kakorratz lanen tailerra gidatuko du Elosegik, 15:00etatik aurrera, euskaltegian. Ondoren, Santa Ageda bezpera izanik, bertsolariak lagun, koplak kantari irtengo dira guztiak kalera, 19:00etatik aurrera, Gudarien Enparantzatik abiatuta. Afari merienda batekin emango diote bukaera koplen birari.
Asteari bukaera emateko Tolosara joango dira, inauteri giroan, iganderako (otsailak 7) irteera antolatu dutelako.