Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizko hilketa eta haurraren amari egindako erasoen kontrako jarrera azaltzeko.
Bihar (osteguna) elkarretaratzeak egingo dituzte Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen Gasteizko 17 hilabeteko haurraren hilketa eta emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Errenteria-Oreretakoa Oarsoaldeko Mugimendu Feministak deitu du, Oarsoaldeko lau udalen, Errenteriako Berdintasun Kontseiluarekin eta Pasaiako Emakumeen Mahaiaren babesarekin: 19:00etan hasiko da Niessen merkataritza gunearen sarreran. Oiartzungoa 19:30ean izango da, Antiju Morik-ek deituta, herriko Txoko Feministan (plazan dago).
Oarsoaldeko lau udalek oharra adostu dute hilketa horren eta hildakoaren amaren erasoaren aurrean. “Horrelakoak ez ditugu onartzen gure gizartean, eta horregatik, lanean jarraitu behar dugu erakunde, elkarte eta herritarrak, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen”, esan dute oharrean.