Igor Carballo, erdian, herri batzarrean hitzarmenaren gainekoak azaltzen
San Pedron eraikin soziokultural berri bat lortze bidean urrats garrantzitsua egin dezake aurki Proisak; hitzarmen baterako proposamena du mahai gainean, eta konpromisoak adosten ari dira.
Proisak hitzarmen baterako proposamena du mahai gainean. Zertan datza?
Gipuzkoako Foru Aldundia, Pasaiako Udala eta Proisaren arteko hitzarmen bat dugu mahai gainean, San Pedron eraikin soziokultural berri bat eraikitzeko helburuarekin bidean eman beharreko pausuak adosteko.
Astelehenean aipatu proposamena aurkeztu zenuten San Pedron, herri batzarrean. Zer nolako harrera izan du proposamenak herrian?
Herriko elkarte, eragile eta talde guztietako ordezkariak eta norbanakoak bildu ginen batzar batean. Bertan prozesu honek izan beharreko ibilbide orri proposamen bat zehaztu genuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak eta Proisak hartuko dituzten konpromisoak zehaztu genituen.
Batzarrean jasotako proposamenekin, asteartean, Izaskun Gomez alkatearekin izan zineten. Nola hartu ditu berak batzarraren proposamenak?
Begi onez. Alkatea eta kultur zinegotziarekin bildu ginen. Udalak eta aldundiak gure proposamena aztertuko dutela esan ziguten, eta beraiek egindako ekarpenekin behin betiko hitzarmena adostuko dugu.
«Talde guztietako ordezkariak eta norbanakoak bildu ginen batzarrean»
«Prozesu honek izan beharreko ibilbide orri proposamen bat zehaztu genuen»
Hemendik aurrera zer? Zeintzuk izango dira zuen aldetik hurrengo urratsak?
Proisaren aldetik eraikin berriaren proiektu kulturala eratzeko martxan jarri dugun parte hartze prozesuarekin aurrera jarraituko dugu, herriko elkarte, eragile, talde eta norbanakoekin batera.
Proiektu kultural honek hiru ardatz nagusi ditu eta horiek definitu behar dira: eraikin berriaren espazioen beharrak, erabilerak eta kudeaketa, autogestio bidez.
2012an sortu zen San Pedron Proisaren aldeko herri plataforma, eraikina bota zezaketela jakitun. Ordutik herri plataformak izan duen bilakaeraz zer balorazio egiten duzue?
Proisaren proiektua herriko sentsibilitate desberdinak elkartzeko gai izan da, eta agerian utzi dugu proiektua San Pedron erabat errotuta dagoela.
San Pedroko behar soziokulturalak aztertu zenituzten udalak bultzatutako parte hartze prozesuan, orain dela bi urte. Orduan ondorioztatu zenituzten horiek nola landuko dituzue aurrerantzean?
Orain mahai gainean dugun hitzarmenaren oinarriak, San Pedroko behar soziokulturalak definitzeko 2014 urtean emandako parte hartze prozesuaren ondorio dira, baita gaur egun martxan jarri dugun parte hartze prozesuarenak ere.
«Proisaren proiektua herriko sentsibilitate desberdinak elkartzeko gai izan da»
«Agerian geratu da proiektua gaurdanik martxan jartzearen beharra»
«Martxan jarri dugun parte hartze prozesuarekin aurrera jarraituko dugu»
Egoitzarik gabe ere, Proisak ez dio inoiz utzi kultur jarduerak antolatzeari. Esan daiteke, zuen presentzia herrian are nabarmenagoa dela azken urteetan. Aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko asmoa duzue?
Herriko elkarte, talde eta eragile desberdinekin martxan jarri dugun parte hartze prozesu honetan, agerian geratu da eraikin berrian izango diren jarduerak eta Proisa proiektua gaurdanik martxan jartzearen beharra. Horretarako Erti udal aretoak eskaintzen dituen aukerez baliatuko gara.
Bost urteko ibilbide gorabeheratsuan, eraikina galdu eta proiektua sendotu
Eraikinari eusteko xedez jaio zen Proisaren aldeko plataforma, baina garai bateko fabrikaren egoera kaskarrak ez zuen halakorik baimendu; Iaz bota zuten eraikina
Proisak deituta, herri batzarra Ertin, udalarekin eta aldundiarekin sinatzekotan diren hitzarmena azalduz
2011. urtean hasi zen dena, Pasaiako udal arkitektoak Proisako eraikina erortzear zela zioen txostena idatzi zuenean. Barrutiko bihotzean kokatua, pilotalekuari itsatsita, ordura arte San Pedron antolatu ohi ziren hamaika kultur jarduerentzako sorleku eta agertoki izan da urte askoan Proisa —besteak beste Tirri Tarraren egoitza izan da—.
Lokala galtzearen aukeraz jabetuta ekin zioten bideari Proisa Kultur Guneko kideek. Hasieran, eraikinari eustea izan zen beren asmoa, eta bigarren txosten bat eskatu zioten udalari, eraitsi aurretik garai bateko fabrika berritzeko aukera azter zezala eskatuz.
Udalak eskaera hura onartu egin zuen, baina ez zegoen atzera bueltarik. Eraikina oso egoera kaskarrean zen, eta arrisku egoerak hala behartuta Proisa ixtea erabaki zuen udalak.
Ordurako, baina, Proisaren aldeko mugimendua sendotuta ari zen lanean San Pedron. Lotaratu ordez, biderkatu egin ziren programatutako kultur jarduerak, eta guztien oinarrian, aldarri bera: Proisa Kultur Gunea. Proisa Eguna urtero-urtero, Gaztaina Proisa Fest, Zurruna zine kluba, Brinkola maratoia, Sanpedestrea… egoitzarik gabe ere hamaika kultur jarduera antolatu dituzte azken urteetan San Pedron.
Proiektu berria gorpuzten
Barrutiko eragile soziokultural izateari uko egin gabe, plataformako kideek proiektu berria izango zena gorpuzteko lanari ekitea erabaki zuten.
Hala, 2014. urtean, udalarekin elkarlanean, barrutiko behar soziokulturalak aztertzea xede zuen parte hartze prozesuan murgildu ziren.
Ondorioak argiak izan ziren: San Pedrok bazuen Proisaren antzeko ezaugarriei eusteko eraikin baten beharra. Bere aldetik, udalak, parte hartze prozesuaren ondorioak eskuan, Proisa eraitsi aurretik orubea ordenazioan txertatzeko konpromisoa hartu zuen, etorkizunean, toki berean, kultur gune berria altxatzeko aukerari eutsiz.
Iazko martxoan eman zuen udalak Proisa eraisteko agindua, aurretik, otsaileko plenoan, orubea ordenazioan txertatzea aho batez onartuta.
Eraikin zaharra desagertuta, berri baterako finantzazioa bilatzea da orain gakoa. Horrekin ari dira orain urratsak egiten, autogestioan oinarritutako kudeaketa eredua eta izango dituzten beharrak definitu bitartean.