Kontsumo taldeetako familiak Lezora hurbildu dira gaurkoan.
Kontsumo taldeetako familiak euren produktuak hartzen.
Gaur
Apaiziartzak egitasmo horren atzean dauden hamarnaka lagunen berotasuna jaso du, Karlos Saldise plazan. Goizean goizetik baratzeko produktuz bete dute plaza. Izan ere, gaur, urtean zehar gertatzen ez den bezala, herriz herri barazkiak banatzen aritu beharrean, kontsumo taldeetako familiak izan dira Lezora hurbildu direnak euren saskia jasotzera eta, bide batez, Apaiziartzari bultzada ematera. Añorga, Irun, San Pedro, Bidebieta eta Donibaneko jendea hurbildu da, zenbait lezoarrekin batera. Astero 100 saski banatzen dituzte.
Inurriek bezala lanean aritu dira. Bakoitzak barazki bat gainean, mandala erraldoia osatzen joan dira: letxugekin, artoarekin, kalabazekin… Pixkanaka itxura hartuz joan da. Mandalaren beste aldean, berriz, tipi bat osatu dute kanaberekin. Mandalak baratzea irudikatu nahi izan du, eta tipiak baserria. Bien artean zubi bat eraiki dute, bien arteko lotura aldarrikatuz.
Jai giroan egin dute saioa, eta sagardoa edan, eta baratzeko produktuekin egindako pintxoak jateko aukera izan dute. Bukaeran, aldarrikapenerako tartea hartu dute, eta
Apaiziartza gure bizibaratza. Erasorik ez lelopean kartelak hartu dituzte eskuetan.
Mehatxu eta erasoak
Azken urteetan egoera asko okertu da proiektuarentzat, jaso dituzten mehatxu eta erasoak direla medio. 2011 urtean okupatu zuten aldundiaren baserria eta lurrak Gaintxurizketan. Autogestioaren bidetik, eremu horretan eraiki nahi duten plataforma intermodalari aurre egin, eta Gaintxurizketako nekazaritza lurrak erabilita bertatik elikadura subiranotasuna bermatzea zen euren asmoa. Handik bi urtera hasi ziren arazoak bizilagunen batzuekin: argindarra moztu, etxea puskatu edota eraso fisikoak jasan behar izan dituzte egitasmoaren parte direnek.