Ereintza elkartea, Xenpelar AEK, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, eta Xenpelar Bertso Eskolako kideak ariko dira koplatan. Goizez Koldo Mitxelena ikastetxeko ikasleak ariko dira.

Santa Ageda bezperako iazko irudia
Santa Ageda bezpera dela-eta koplak nagusi izango dira Errenteria-Oreretan. Ereintza Elkarteak 18:00etan hasiko du ibilbidea eta Jose Manuel Mitxelena izango dute gogoan. Kalez kale eta tabernaz taberna egingo duten ibilbidean Ereintzako txistulariak eta Doike soinujoleak lagun izango dituzte Ereintzako koplariek.
Juli kafetegian hasiko dute ibilbidea eta Foru plazara joango dira bertatik. Han, Landarbaso abesbatza omenduko dute 25. urteurrenaren harira. Foru plazan Xenpelar Bertso Eskolako kideekin batera ariko dira, gainera. Leku Zaharra tabernan saioa eginda Mikelazulon 19:25ean Jose Manuel Mitxelena taldekide izana omenduko dute. Bertatik, Donosti Sagardotegira, Onena, Maite eta Irrintzi tabernetara joko dute, eta udaletxeko arkupeetan amaituko dute saioa 21:10ean, Andra Mari Abesbatza omenduz, haien 50. urteurrenaren harira.
Xenpelar Bertso Eskolaren koplak
Ereintza elkarteko kideak ez dira, ordea, Santa Ageda bezperan koplak abesten izango diren bakarrak. Xenpelar Bertso Eskola, Lau haizetara Euskaltzaleon Bilgunea eta Xenpelar AEK euskaltegiko kideek ere egin dute hitzordua. 18:00etan abiatuko dira De Cyne Reynatik eta Desira, Xenpelarren eskultura, Landare, Gailur, Sindikato, Manuel, Aralar eta Arkaitza tabernetan saioa eginda, udaletxeko arkupeetan bilduko dira Ereintzakoekin batera koplak abestera.
Koldo Mitxelenako ikasleak, goizez
Koldo Mitxelena ikastetxeko ikasleak, berriz, goizean ariko dira koplak abesten akordeoilariak lagunduta. Biteri eraikineko 2. zikloko ikasleak Errenteria erdialdean ibiliko dira, eta Olibet auzoko Eguneko Zentroan, Olibet Haur Hezkuntzako eraikinean, Xabier Olaskoaga plazan, eta udaletxe aurrean abestu ondoren, Biteri eraikinean amaituko dute. Agustinetaraino ere eramango dituzte Santa Ageda bezperako doinuak, izan ere, Markolako eraikineko 2. eta 3. zikloko ikasleak auzoan barrena ibiliko dira.