Donibanen, San Pedron eta Antxon, asteburu honetan ospatuko dituzte Inauteriak; Trintxerpen, hurrengo astean
Piraten konpartsaren entsegua, Donibaneko Nabalaldean
Festan murgiltzeko irrikaz. Hala ari dira Pasaiako hamaika bazterretan, azken ordukoak prestatzen, festa hasterako dena prest egon dadin. Inauteriak San Pedron, Antxon eta Donibanen ospatuko dituzte asteburu honetan, eta Trintxerpen, hurrengo astean.
Donibanen, dena prest dute abordaiarako. Entseatzen gogor aritu dira konpartsetako kideak, eta lan eta lan herrirako attrezzoa prestatzeko ardura izan dutenak. Aurkezpena, biharko antolatu dute, goizean, erretiratuen egoitzan, baina etzi dute egun handia, piratak eta ingelesak aurrez aurre topatuko direnekoa.
Antxon, euskal inauteriekin hasiko da festa, ikastolako txikienen eskutik lehenik, eta Alkartasunak antolatuta ondoren. Larunbatean, berriz, abaraska handia bilakatuko da Antxo, gazte asanbladaren iniziatibaz, herritarrak erlez mozorrotuta. Azkenik, igandean, haurren konpartsa irtengo da kalera dantzan, aurten, lehenbizikoz.
San Pedron, berriz, afrikar doinu eta dantzak nagusituko dira larunbatean. Konpartsa Zamatetetik abiatuko da parte zaharrera bidean, eta gauean herri afariak izango dira nonahi.
Trintxerpen, ohi bezala, astebete beranduago izango dira inauteriak, hilaren 12tik hasita, eta Kuadrillategikoek festara batzeko gonbidapena luzatu diete 12 eta 16 urte artekoei. Mozorro festa antolatu dute, 19:00etatik 21:00etara, alkateordetzan.
Trintxerpeko inauterien egitaraua, edonola ere, askoz zabalagoa izango da. Horien inguruko zehaztasunak, datorren astean.
Egitaraua
Ostirala
- Antxon. 18:00etan, Azokatik abiatuta, Lantzeko Inauteria egingo du Alkartasuna Euskal Dantza taldeak.
- Donibanen. 11:00etan, Piraten Inauteria aurkeztuko dute Eguneko Zentroan.
Larunbata
- Donibanen. 11:00etan, Piraten Inauteriko partaideak euren tokietan biltzen hasiko dira; 12:00etan, desfilea herritik zehar Meipiraino, eta ondoren Santiago plazara buelta; 15:00etan, Aiton-Amunen Aterpean bazkaria.
- Antxon. 11:00etan, gaztetxeko kideek herria erlez apainduko dute; 14:00etan, herri bazkaria Azokan; 18:00etan, Gaztetxetik abiatuta, erle poteoa; 21:00etan, Kultur Etxean, erle afaria.
- San Pedron. 18:00etan, Zamatetetik abiatuta, desfilea. Gaia: Afrika; 21:00-21:30, herri afariak Begi Haundi tabernan eta Antxeta elkartean; Zaharren Biltokian ere afaria egingo dute erretiratuek.
Igandea
- Antxon. 12:00etan, haurren konpartsa abiatuko da Usoz aldetik. Lehenengoz aterako da konpartsa hau.