Helburu nagusia, Errenteria-Oreretara bizitzera etorritako bizilagun berriei harrera egokia eskaintzeko baliabideen gainean hausnartu eta horien kalitate eta integraltasuna bermatzea da.
Harrera protokoloa aurkeztu du udalak
Etorri berriei harrera integrala egin nahi diete eta horretarako lanean aritu dira Errenteriako Udala, Aztiker, udalerriko arlo askotako elkarte eta eragileak, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak zortzi hilabetez. Ibilbideak emandakoa aurkeztu dute gaur Xenpelar Etxean Nagore Basurto Aniztasun zinegotziak, Samira Goddi sail bereko teknikariak eta Maitane Basterretxea Aztikerreko kideak.
Harrera protokoloa “dokumentu irekia eta bizia” dela esan du Basurtok, “kontuan hartuta egoera aldatzen joango dela birmoldatu egin beharko dugulako, beti egongo da irekia, beti izango da bizia, eta ekarpenak jasotzeko prest egongo gara”. Oraindik ez dute martxan jarri, baina berehala izango dela abian gaineratu du Aniztasun azpisaileko zinegotziak, “hobetu behar dena ikusteko modurik egokiena martxan jartzea delako”. Protokoloa Aztikerrekin batera landu dutela baina eragile, udal sailetako teknikoen eta alderdi politikoen ekarpenak jaso dituztela gaineratu du.
Errenteriako Udalaren ekimenez abiatu zuten joan den ekainean harrera protokoloa diseinatzeko parte hartze prozesua. Helburu nagusia, Errenteria-Oreretara bizitzera etorritako bizilagun berriei harrera egokia eskaintzeko baliabideen gainean hausnartu eta horien kalitate eta integraltasuna bermatzea da. Horrekin batera, etorri berriak herriko eragile eta bizilagunekin harremanak sortzeko bitartekoak jarri nahi dituela udalak esan du Basurtok.
Migrazio fluxuak
Migrazio fluxuak betidanik eman direla zehaztu du eta Errenteria-Oreretak horien berri zuzenean izan duela nabarmendu du: “50. hamarkadan izandako migrazio fluxuak Espainiar Estatuko hainbat eremu geografikotik izan ziren. Horren ondoren, bigarren migrazio garai garrantzitsua azken hamar urteetan ezagutu dugu, eta orain beste fluxua bizitzen ari gara batez ere Siriatik gerragatik ihesi datozen pertsonekin”. Udalak bere herritar guztiei eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko konpromisoz diharduela ere esan du Basurtok, “bide horretan, hiritar berriei bizimodua eraiki eta garatzeko aukera eta sarbideak eskaini nahi dizkiogu”.
Errenteria-Oreretak duen kultur aniztasuna, balio eta aberastasun gisa ulertzen dutela ere esan du eta kultur ezberdinen arteko harremana eta elkarrekintza bultzatzea dela asmoa protokoloarekin, “elkarrezagutza gakoa da elkaraitortza eta elkarbizitza osasuntzu baterantz urratsak emateko”.
Herrian bizi ziren jatorri ezberdinetako pertsonen arteko diagnosia egina zegoela aurretik azaldu du bere aldetik Samira Goddi teknikariak, “garrantzitsua iruditu zitzaigun ordea, harrera ere egitea. Iristen direnean zer topatzen du etortzen denak, lehen momentu hori hausnartzea eta bideak sortzea garrantzitsua iruditzu zitzaigun. Zenbat eta informazio gehiago izan eta modu egokienean jaso etorri berri den horrek Errenteriaren bizitzaren inguruan, orduan eta aukera gehiago izango ditu bizitzeko, eskubideak izateko, horiek aurrera eramateko eta parte hartzeko, eta horrek guztiak kohesio handiagoa eskainiko digu”.
Lan hori hiru eremu nagusitan egin dute. Batetik, eragileekin aritu dira, “bertan ez dira aritu soilik harreran aritzen diren elkarteak, kultura, kirola, aisialdia, etxe erregionalek arlo guztiak izan dira”; bestetik, hezkuntza komunitatearekin osotasunean aritu dira, eta azkenik, udalarekin.
Basterretxea metodologiaren gainean aritu da eta hiru urrtas nagusi jarraitu dituztela protokoloak argia ikusi aurretik. Errenteriako harreraren gaineko diagnosia egin zuten lehenik Aztikerreko teknikariek eta horretarako eragile eta elkarteei galdetegiak helarazi zizkieten eta baita administrazioaren barruan sail ezberdinetako teknikariei. Informazio horrekin diagnosia egin eta harrerak udalerrian dituen ahulguneak eta indarguneak identifikatu dituzte, eta oinarri horiekin protokolo zirriborroa osatu zuten joan den urrian eta hura ere eragile eta elkarte guztiei helarazi zieten ekarpenak jasotzeko. Azken urratsa, ekarpen horiek jasota osatutako txostena eta DVDa dira.
Protokoloaren bidez balioan jartzen saiatu direla gaur egun lehen harrera guneak direnak esan du Basterretxeak, eta udalean harrerarekiko jarrera aldaketa dakarrela protokoloak. Azkenik diagnosian atera zen ideietako bat nabarmendu du Aztikerreko teknikariak, “tresnak behar dira harremanak eta arlo sozio afektiboa eta elkarezagutza sustatzeko, hori da protokolo honek dakarren berritasuna, errolda ondoren integrazio prozesu oso bati ateak irekitzen dizkio”.
Harrera protokoloaren hurrengo fasea gida izango da. Herri mailan dauden baliabide guztiak bilduko dituzte bertan hainbat hizkuntzetan.
Eragileen artean, ongi etorria
Harrera protokoloaren aurkezpenean parte hartze prozesuan aritu diren hainbat eragile eta elkarteetako ordezkariak izan dira: Gurutze Gorria
, Caritas, SOS Arrazakeria
,
Lau hazietara Euskaltzaleon Topagunea, Urratsa (Emakume musulmanen elkartea), Islamiar kultur zentroa, Bizarain Ikastetxea, Udaltzaingoa eta Udal Euskara Teknikaria.
Aitzol Perez de San Roman Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko ordezkaria da eta balorazio positiboa egin du, “ona da kanpotik datorrenak jakitea zein baliabide dauden herrian, ez bakarrik zein betebehar eta eskubideak dituen, kulturgintzan zer aurkituko duen, bizilagunekin… Guk euskara integraziorako tresna egoki bezala sartu dugu protokolo horretan ekarpen gisa, eta interesgarria izan da eragileen parte hartzea harrera honetan”.
San Jose Obrero Iztietako Parrokiako Caritaseko kidea da Mikel Etxezarreta eta bera ere baikor azaldu da: “Aurkezpenera heldu naizenean jatorri ezberdinetako jendea zegoela ikusi dut eta harreman hori izan behar dugula, elkarrekin bizi behar badugu harremana izan behar dugu. Itsasontzia da hau, eta batzuetan mugituta dago itsasoa, baina elkarrekin bizi behar dugu eta ados jarri behar dugu nahita ez”.
Gurutze Erzibengoa Bizarain Ikastetxeko hizkuntza indartzeko irakaslea da eta protokoloa egokia iruditu zaio, “herrian dagoena ikusteko aukera emango zaie etorri berriei eta ongi ikusten dut kirolera, kulturara, zabaltzea. Bere denbora eramango du baina ongi iruditzen zait udalak halako baliabideak jartzea”.
SOS Arrazakeriako ordezkaria da Gerar Carrere, eta balorazio positiboa egin du, “udal batek harrera protokoloa martxan jartzea beharrezkoa dela iruditzen zait, gehienbat Europa kanpotik datozenentzat. Jendeario zer errekurtso dauzkan esango diote harrera protokoloaren bidez, hainbat gauza lortzeko zein ibilbide egin behar duen errolda dela, laguntza sozialak, aisialdia… garrantzitsua da informazio hori ordenatu eta ongi ematea. Harrera eta integrazioa errealitate bihurtzeko herrian dagoen sare sozial hori inplikatzea harreran baita ere”.