Laguntzen dituen proiektuen erdia finantzatzen du FEDER funtsak. Aldundiak proiektuaren kostuaren %35 ordainduko luke eta udalak gainontzeko %15.
Collar, Mendoza eta Karrikiri
Errenteriako Udalak Europako FEDER funtsari diru laguntza eskaera egin dio, 4.100.000 eurokoa, hain zuzen ere. Eskaera egiteko unean lau esparrutako proiektuak aurkeztu dituela azaldu du gaur goizean egindako agerraldian Julen Mendoza alkateak, “Informazioaren eta komunikazioaren teknologia, karbono gutxiko ekonomia, ingurumena eta ondarearen zaintza, eta gizarteratzearen arlokoak».
Arloz arloko proiektu zehatzakere azaldu ditu Mendozak, Ion Kollar Kultura Zinegotzia eta Jaione Karrikiri alkateordearekin batera egindako agerraldian. Horrenbestez Informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren barruan HAZ herritarren arretarako zerbitzua abiatzea, eta argiztapen adimenduna jartzea izango lirateke proiektuak. Karbono gutxiko ekonomia arloan, berriz, Galtzaraborda eta Beraunen igogailu publikoak jartzea edo Olibet auzoan aparkalekuan nodo intermodala gauzatzea lirateke aurkeztutako proiektuak. Ondartxoko mataderoa birgaitzea eta Fanderiako errotan ibaiaren gaineko interpretazio zentroa eraikitzea dira udalak dituen proiektuak ingurumena eta ondarea zaintzerai dagokion arloan.
Gizarteratzearen arloa da azkena eta horren barruan kokatu ditu udalak, Niessen eta Beraungo liburutegi berriak, Galtzarabordako kiroldegia handitzea eta emakume etxea eraikitzeko proiektuak.
“Guztiak Errenteria 2025 plan estrategikotik datoz, eta aurkeztu zenetik lanean aritu da gobernu taldea finantziazioa lortze aldera”, gaineratu du Mendozak.
Laguntzen dituen proiektuen erdia finantzatzen du FEDER funtsak. Aldundiak proiektuaren kostuaren %35 ordainduko luke eta udalak gainontzeko %15. Ekainean jakingo du udalak proiektu horiek guztiak martxan jartzeko finantzazioa izango ote duen edo ez.