San Pedroko arrandegi berriko lanak aspalditik geldirik daudela salatu du koalizio abertzaleak
Hilabeteak dira San Pedroko lonjako lanak geldirik daudela. Hala salatu du gaur EH Bilduk.
Azken udalbatzarrean lanak etenda ote zeuden galdetu zuen koalizio abertzaleak, eta ezetz erantzun zuten Izaskun Gomezek eta Nahikari Oterminek. Hala ere, Portu Agintaritzan galdera egitekotan geratu ziren orduan, herrian denon ahotan zebilen gaia zela argudiatuta, eta zalantzak uxatzekotan.
Bada, EH Bilduk gaur prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, udalbatzarraren biharamunean jakinarazi zieten posta elektroniko bidez lanak geldirik zeudela “zenbait zailtasuni konponbidea eman bitartean”.
Koalizio abertzaleak egoera honen aurrean “larritasuna” agertu du, eta “desblokeo garai berri batean gaudela ikustarazi nahi” izan duten arren, Portu Agintaritzaren “blokeoak bere horretan jarraitzen duela” salatu du.
“Udalak Portuak esaten duen guztiari men” egiten diolako kexu agertu dira eta gai honetan agertu duten “pasibotasuna” deitoratu dute:”Alkatea eta Hirigintza Saileko zinegotzia kontseiluko kideak dira Portu Agintaritzan, eta ez zeukaten horri buruzko informaziorik”.
Argibideak
Egoera honen atzean egon daitezkeen “ezkutuko arrazoiengatik” kezka agertu du EH Bilduk, eta, bide batez, argitzeke dauden hainbat konturi buruz galdetu du.
Besteak beste, lonjako txandakako parkinga noiz jarriko duten martxan galdegin dute, eta terrazako lanak noiz egingo dituzten.
Horrez gain, “herriari zor zaion eremu librea” noizko egongo den erabilgarri jakin nahi izan dute, eta gaiari lehenbailehen heltzeko eskatu, garu gaurkoz kamioien trafikoak eragiten dituen kalteengatik kezka agertuta.