Lehengo astean jakin dute Pasaiako segadan hildakoen senideek kasua artxibatu nahi dutela; erabakiaren kontrako helegitea jarri dute, eta atxikimendu bila ari dira.
Pasaiak segadaren oroigarri, hilotzen pintaketak arroketan
Martxoaren 22an beteko dira 32 urte, baina oraindik dena dago argitzeke, bai behintzat epaitegietan. Azken gertaerei erreparatuta, gainera, ez dirudi epe laburrean ezer argitzeko aukerarik izango denik.
Pasaiako segadan hildakoen senideei otsailaren 3an jakinarazi diete kasua artxibatzeko asmoa dagoela, «deliturik egon zenik ezin izan dela frogatu» argudiatuta.
Erabaki horren aurrean erreakzioa berehalakoa izan da. Hildako eta eraildako euskal militanteen senideak biltzen dituen Egia, Justizia eta Oroitzapena kolektiboak Pasaiako sarraskia argitu lemapean kanpaina abiatu du
change.org plataformaren bitartez.
Atxikimenduak bilduz eta sinaduren bidez, Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiari kasua ez dezala artxibatu eskatzea da helburua. Astebeteko epean 1.000 sinaduratik gora bildu dituzte kanpainaren bultzatzaileek. Horrez gain, artxibatzearen kontrako helegitea erregistratu dute aste honetako asteartean.
Lau hildako
1984 urtea zen, martxoak 22. Pasaiako badian, Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963) hil zituzten. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren, eta Joseba Merinorekin batera, Lapurditik zetozen, itsasoz, zodiak batean, Pasai Donibanen Rosa Jimenorekin hitzartuta zuten zitara. Jimeno, baina, aurretik atxilotu zuen poliziak, eta torturapean, bere kideekin zita ixtera behartu.
Komandoko kideak Donibanen lehorreratzera zihoazela tiroka hartu zituen poliziak. Donibaneko puntetan 50tik gora polizia zeuden ezkutatuta. Gehiago etorri ziren berehala San Pedro aldetik, itsasoz.
Gertakari «anker» haiek ez ikertzea gaitzetsi dute senide eta lagunek
Osatu gabeko memoria batek ez dituela zauriak ixten ohartarazi dute
Joseba Merinok —segadatik bizirik irten zen kidea— deklaratu izan duenez, itsasoz etorritako polizia haiek behartu zioten hari, eta Delas nahiz Aizpururi, arroketara igotzera.
Merinok aldi berean esan izan du bere begiekin ikusi zituela poliziak Delas eta Aizpuru fusilatzen, aurretik atxilotuta zituztela.
Oztopoz betetako ibilbidea
Hiru hamarkada igaro dira gertaera haietatik, baina gaur gaurkoz, ez dago erantzulerik. Egia, Justizia eta Oroitzapena kolektiboak salatu duenez, «2009. urteaz geroztik, epaitegiak ikerketarako diligentzia guztiak oztopatu ditu», eta haserrea agertu du, «hilotza batek 19 bala-zulo zituen arren eta posta munizioekin tiro egin zutela» jakinik, deliturik egon zenik ezin izan dela frogatu argudiatu dutelako.
Era berean, Paco Etxeberria forentseak kasu horren harira esandakoak ekarri dituzte gogora. Izan ere, tiroen distantzia Joseba Merinok deskribatutako fusilatzeekin bateragarria zela esan zuen forentseak.
«Gertakari anker haiek ez ikertzeak, kasua faltsuan ixteaz gain, inpunitatea bermatzea dakar», salatu dute. Horrez gain, nazioartean gatazken konponbiderako erabiltzen diren irizpideen kontrako erabakia dela deritzote: «Osatu gabeko memoria batek ez ditu zauriak osatzen eta ixten, eta gatazka bat ixteko modurik okerrena da».
Horregatik, kasua artxibatzeko aukeraren aurrean, jendarte osoari luzatu diote deia, gertaerak iker daitezen eskatzen jarraitzeko, kasu horren inguruko erantzukizun penal guztiak argitu arte.
Santi Gonzalez, akusazio partikularreko abokatua: «Ikerketarako hariak badaude»
Santi Gonzalez, akusazio partikularreko abokatua
Epaitegiaren borondatea ikerketari bidea ixtea izan dela uste du Santi Gonzalezek,
baina ez du etsitzen, ziur dakielako ikerketari eusteko nahikoa aztarna badirela.
Pasaiako segadaren kasua artxibatu nahi dutela jakin berri da. Zertan da zehazki egoera oraintxe?
Artxibatze autoa joan den asteko ostegunean notifikatu ziguten eta erreforma helegitea jarri berri dugu horren kontra, ordezko apelazio helegitearekin batera. Modu horretara, erreforma errekurtsoa ezeztatzen baldin bada, apelazio errekurtsoa sartzen da tartean, eta kasua, berriz ere Lurralde Auzitegira igorriko da.
Guk uste dugu kasu honetan badagoela zer ikertu, eta gure ustez, kasua ez da orain artxibatu behar.
Artxibatze autoak dio deliturik izan dela ezin izan dela frogatu.
Artxibatzeko ebazpenak esaten zuen gertakizunetan deliturik egon zela esateko aztarnarik ez dela agertu, eta guk, aldiz, baietz uste dugu.
Defentsa honekin hasi ginenean, 2000. urtean, eskatu genuen polizia zientifikoak peritu-txostena egitea Rafael Delasen gorpuan. Forentsearen arabera, eta ebidentzien arabera, Delasen bularrean aurkitutako zauriak posta munizioekin egindakoak dira, perdigoiak aurkitu direlako gorpuaren barruan. Aditu-azterketarekin froga daiteke zein distantziatik egin zuten tiro. Guk hori eskatu genuen 2.000. urtean, eta oraindik ere, horren eskaeran darraigu.
Horrekin batera, jakin dugu Aizpuru sendiak lortu dituela ETBk ateratako irudi batzuk. Badirudi irudi horietan ikus daitezkeela Pasaiako gertakizunetan parte hartu zuten hainbat polizien irudiak, polizia, Casas Vila senatariaren hilketa ikertzen ari zenean. Hori ere eskatu diogu ETBri. Ea irudiak epaitegira bidaltzerik duten, lekukoek irudi horietan norbait identifika dezaketen jakiteko.
Gure ustez, nahikoa aztarna badaude esateko Pasaian bi tiroketa ezberdin egon zirela. Joseba Merinok esaten digu bi tiroketa egon zirela; alde batetik, tiroketa bat egon zelako haiek heldu zirenean, baina gero, uretatik hiru kide atera zituztela eta horien kontrako fusilamendu bat egon zela.
Bi tiroketa ezberdin baldin badaude, bi momentu ezberdinetan, eta horri gaineratzen badiogu distantzia, distantzia luzea, —Paco Etxeberriak bere garaian esan zuen bi metroko distantzia ere izan zitekeela—, horrek, Merinoren bertsioa egiazkoa dela esateko aztarna ematen digu.
Fusilamendu horiek, kanpoko exekuzio horiek, juridikoki erailketak izango lirateke. Delasen kasuan, erailketa bat izan zela jakiteko aztarna nahiko badagoela uste dugulako egin dugu errekurtsoa.
Hasi berri duzuen bideaz zer espero daiteke?
Horren emaitza onegirik ez dugu espero, epaitegiaren borondatea ikerketari ateak ixtea izan delako, eta orain, momentu honetan, lehen audientzian aurkitzen genuen babesa gutxituz doalako. Lehen ez bezala, azkenaldian audientzia ere kontrako ebazpenak ateratzen ari da. Gure konfiantza handiena herriarengan dago, herriak egin ditzakeen mobilizazioetan eta protestetan.
Sinadura bilketa bat martxan dago, Egia, Justizia eta Oroitzapena elkarteak bultzatuta. Atxikimendu horiek zein garrantzia izan dezakete errekurtsoak aurrera egiteari begira?
Nik uste dut eduki ditzakeen emaitza praktikoetatik harago, betebehar etikoa dela herriaren ahotsa altxatzea egiaren alde, eta kasu horiek gezurrezko era batean ixtearen kontra.
Praktikotasunaren aldetik ere argi eta garbi dago herri presioa eta herri eskaerek eragin zuzen bat eduki dezaketela. Nik uste dut, kasu honetan ikerketarako hariak egon badaudenez, eta juridikoki arrazoia badugula ikusten denez, herri presio sendo bat egoteak merezi duela. Kasua gure alde bihurtzeko aukerak apurrak dira, baina eragin guztiak batzea da bidea. Eskaera guztiak ondo daude gauzak aurrera atera ahal izateko.
Azpeitiko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki zuen bere garaian. Egoera honen aurrean udalaren aldetik erabakirik egongo ote den ba al dakizu?
Familiekin hitz egin dut, eta badakit prestatu nahi dutela zerbait udalarekin eta herriko beste eragileekin. Momentuz Interneten
change.org plataformaren bitartez kasua ez artxibatzeko eskaera mugitzen ari dira.
Kronologia
1986. Sumarioa itxi egin zuen Calvo Rojas epaileak.
2000. Agirien artean Joseba Merinok Alcalako espetxean 1987. urtean egindako deklarazioa falta zela eta, ikerketa berriro zabaldu zuten.
2000. Donostiako 2. Instrukzioko Epaitegiak Merinori deklarazioa hartu zion bitan: irailean Santoñako espetxean, eta 2001. urteko urtarrilean epaitegian.
2001. Azpeitiko Udalak herri akusazio gisa jokatzea erabaki zuen. Urriaren 9an, fiskalak berak egileak identifikatzeko eskatu zuen.
2002. Ekainaren 6an segadan parte hartu zuten lau poliziak deklaratu zuten.
2004. Ekainaren 24an instruktoreak auzia artxibatu zuen.
2005. Kasua berriro zabaldu zuten eta senideek, 2003. urtean Informazio Unitate Zentralaren buruzagi zenaren kontrako kereila jarri zuten, informazioa nahita gorde izana leporatuta.
2007. Segadaren garaian Donostiako polizia etxeko buru zenak eta operazioan parte hartu zuten polizien arduradunek Donostiako epaitegian deklaratu zuten. Deklaratu zutenek Informazio Brigadako buruari egotzi zioten segada antolatzea. Abokatuek Informazio Brigadako buruaren deklarazioa eskatu zuten.
2013. Jose Bonok eta Joaquin Leginak deklara dezaten eskatu zuen defentsak, Bonok bere memorietan idatzitakoen harira.
2016. Otsailaren 6an, artxibatze autoa jasotzen dute senideek.