Postuak egoera txarrean egonik, arriskutsuak direla nabarmendu du talde ekologistak
Herri Ametsa ikastola ondoko postua, erortzear
Donostiako Udalak Ulian ehiza debekatu zuen arren, mendian oraindik ehiza-postuak daudela salatu du Eguzki talde ekologistak. Ohartarazi dutenez, egoera kaxkarrean daude horietako asko, Herri Ametsa Ikastolako ondoko postua kasu, aldamioak erortzear dituelako. Ingurumenean eragin handia izateaz gain, arriskutsua dela iritzi dio Eguzkik. “Postu gehienek oholak, sareak eta antzekoak dituzte, eta bada aulki bat duenik ere”, kexatu dira.
Horrelako egiturek, pertsonen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, mendiaz disfrutatzeko eskubidea urratu egiten dutela iritzi dio Eguzkik.
Balio biologikoak
Bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014. urtean Ulia Parkea segurtasun-eremu izendatu zuela gogorarazi dute, eta 2004. urtetik Natura 2000 Sarean dagoela goraipatu.
Zentzu horretan, Uliak dituen balio biologikoak nabarmendu ditu Eguzkik, “itsas bazterreko habitat naturalak, itsas hegaztien koloniak, etab”.
Hori dela eta, dagokion erakundeari Ulian dauden ehiza postuak lehenbailehen ken ditzala eskatu diote, “herritarren segurtasuna eta erabilera publikoa bermatzeko, eta ingurumena hauen eraginetik babesteko”.