Kepa Garbizu alkateari azalpenak emateko exijitu dio alderdi sozialistako bozeramaile Jose angel Sanchezek.
Kepa Garbizu eta Ainhoa Zabalok elkarri bostekoa emanez irudikatu dute akordioa
Hondakinen bilketaren gaiaren gainean arduragabe jokatzen ari dela EAJ eta Kepa Garbizu alkateari azalpenak emateko exijitu dio alderdi sozialistako bozeramaile Jose angel Sanchezek. EH Bildu koalizioak eta EAJ alderdiak atzo egin zuten agerraldiaren harira egin ditu adierazpen horiek Sanchezek: “Akordio horrekin atez ateko moldatua ezarri nahi da Lezon”.
Lezo alderdien artean akordioa lortzen duen Gipuzkoako lehen udalerria dela “saltzen saiatzea” ez dela egia ere gaineratu du Sanchezek, “izan ere, alderdi sozialista, gobernu taldeko kide izanik, ez du inondik inora bat egiten akordioarekin. Galdeketaren alde dago gure alderdia eta hobari fiskalak dituen bosgarren edukiontziaren aldeko apostu garbia egiten du”.
Horren harira, EAJren jarrera salatu du, “arduragabea delako bere erabakia, eta ez duelako hauteskunde kanpainan agindutakoarekin bat egiten. Gauza bat esan eta bestea egin du EAJk, ez die egia esan lezoarrei hauteskundeak irabazteko”. Erabakia inprobisazioaren ondorio ere izan dela salatu du PSE-EEko zinegotziak, “horrenbestez lezoarrei azalpenak eman beharko dizkio alkateak jarrera aldaketa azaltzeko”.
Bosgarren edukiontziaren eta galdeketaren alde lanean jarraituko duela alderdi sozialistak esan du azkenik Sanchezek, eta EH Bildurekin adostutako akordioa “berpentsatzeko” eskatu dio EAJri, “moldatutako atez atekoa mantenduta iruzur egiten ari direlako lezoarrei”.