Angel Circujano: “Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da”
Movistarrerako lan egiten du Angel Circujanok (Pasaia, 1976), eta lehen lerrotik ari da bizitzen azpikontratatuta diharduten langileen borroka. Pasai Antxon erantzun ditu elkarrizketako galderak, Correscalesen harira antolatutako hitzaldi batean bere testigantza ematera sartu aurretik.
Greba bat, batez ere hainbat egun irauten badu, oso gogorra da. Indarberritzeko zerbait behar genuenGrebarekin zer lortu duzue? Hainbat helburu lortu ditugu, soldatak %30 edo %40 ez jaistea, eta autonomoen gehiengoak orain lehen baino diru gehiago irabaztea, adibidez. Dena, hala ere, ez da dirua. Lan baldintzak ere garrantzitsuak dira, eta, alde horretatik, lortutakoa oraindik ere ez da nahikoa. Azpikontratazioak bertan behera uztea izan da grebaren helburua. Gipuzkoan, zehazki, autonomook kooperatibetan lanean hastea lortu dugu. Baina ez dezagun geure burua engaina, langileak oraindik ere autonomoak dira. Horrez gain, greba honi esker, eta gure lankide bizkaitarrek egindako presioaren laguntzaz, kontrata berria sartu da Gipuzkoan —lehen bakarra zegoen—, eta orain bi kontrata egonda, autonomo gisa ari ginen 40 lagun soldatapeko hasi gara lanean. Lorpena, nire ustez, garrantzitsua da, baina beti ere helburua Movistarrentzako zuzenean lan egitea dela ahaztu gabe. Oraintxe bertan zein da zuen lan egoera? Geldialdi batean gaude. 40 langileri enpresa aldaketa bat egokitu zaigu, Donostia aldean eratu den lantaldeak Telefonica eta beste enpresen gainean egin duen presioari esker. 40 laguni lanpostuak subrogatzea lortu dugu, eta inork ez du lanposturik galduko. Correscalesek, besteak beste, borrokaldi horri jarraipena eman nahi dio, ezta? Correscales greba bukatu zenean jaio zen. Guk bagenekien borroka honek luze joko zuela. Helburu nagusi batzuk markatu genituen, eta lortu ditugunak gutxieneko batzuk dira. Hortik aurrera eraikitzen jarraitu nahiko genuke. Baina greba bat, batez ere hainbat egun irauten badu, oso gogorra da. Jendea nekatuta dago, eta indarberritzeko zerbait behar genuen. Testuinguru horretan jaio zen Correscales, Korrikan inspiratuta. Bizkaitik irten eta Bartzelonan bukatuko da prekaritatearen kontrako lasterketa, batez ere Gipuzkoako, Bizkaiko eta Bartzelonako lagunak batu garelako antolakuntzan. Hala ere, Marea Urdinaren egitasmo bat da, eta, besteak beste, greba bitartean sostengu kutxa sortzeko sortu zen zorra kitatzeko baliatu nahi dugu. Horrez gain, Correscales sektore guztiak eta borroka guztiak elkartu nahi dituen lasterketa bat da, greban ikusi dugunez elkartuta egoteak indarra ematen digulako. Denok gara Correscales. Eragile asko bildu zarete egitasmoaren bueltan. Halako erantzuna espero zenuten? Inola ere ez. Hogei lagun hasi ginen honetan lanean, eta konturatzerako atxikimendu piloa jaso genituen. Berehala jabetu ginen jende askok nahi zuela honetan lanean hasi. Guri babesa emateko, baina baita Gipuzkoan sare bat osatzeko ere. Correscales hemendik hilaren 19an pasatuko da [gaur], eta gu jada aurrera begira ari gara lanean. Sare bat eraiki nahi dugu, edozein kolektibo, norbanako edo enpresatan arazoak sortuz gero, elkar babestu ahal izateko. Zergatik da garrantzitsua Corrrescalesen parte hartzea? Ondo pasatuko dugulako. Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da. Gainera, ongi pasako dugu. Ezin da gehiago eskatu.

