Aurten Nafarroa hegoaldeko lau errota ariko dira olio beharrak asetzeko lanean.

Oliba olio birjina estra saltzeko kanpaina abiatu du Saretuzek.
Nafar Hegoaldeko uzta eskutik eskura lelopean, Errigoraren oliba olioa saltzeko kanpaina aurkeztu du Saretuz taldeak. Joan den ostiralean egin zuen aurkezpena Uztargi Udal Haurreskolan, eta ez zuen kasualitatez hautatu, izan ere Errigoraren oiliba olio tradizionala zein ekologikoaren 120 litro erosiko dituzte Ekolapiko programarekin bat egin duen haurreskolan egunerokoak sukaldatzeko.
Mikel Azkunek aurkeztu zuen olioaren kanpaina, eta Eskutik Eskura “Nafarroa hegoaldeko baratza eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena” dela nabarmendu zuen. Hilabete honetan oliba olio birjina estra salduko dute, eta bi olio aukera izango dituzte interesdunek: 5 litrotako oliba olio birjina estra 22,50 euroan, eta 5 litrotako oliba olio birjina estra ekologikoa 32 euroan. Lau bidoitako kutxa edo banaka hartu ahal izango da.
Martxoaren 2a arte izango da kanpaina zabalik, eta epe horretan egin beharko dituzte eskaerak interesdunek, eta horretarako
webgunera jo beharko dute eta bertan azaltzen den eskaera orria bete. Martxoaren hasieran banatuko dute ekoizleek olioa eta erosleek berriz martxoaren 12an eta 16an jasoko dute.
2014an lehen aldiz
2014. urtean egin zuten lehen aldiz oliba olio birjina estra eskatzeko proposamena. Olio errota bakarra hasi zen orduan, iaz kopurua bikoiztu, eta aurten lau errota ariko dira olio beharrak asetzeko: La Casa del aceite (Cascante), Nuestra señora del Rosario (Ablitas), Bardea (San Isidro del Pinar), eta Ekolo (Arroitz).
Eguneroko kontsumo ohituretan eragin nahi duela Eskutik Eskura kanpainak gaineratu zuten aretuzeko kideek, “herriz herri kontsumitzaile arduratsuen komunitateak sortzeko saiakera”. Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari “hauspoa” ematea ere badu xede Errigorak, “eta zentzu horretan, arlo ekonomikotik harago, euskarari ekarpena egiteko bidea eskaintzen du Eskutik Eskurak”.
Azkenik herritar guztiak animatu dituzte Saretuzeko kideek kanpainaraekin bat egin eta Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra erostera, “maitzean berriz, kontserba loteak saltzeko kanpaina abiatuko dugu”.