Motrilgo Espainiako Txapelketan lortu nahi du Mikel Odriozola ibilketariak Rion egoteko eskubidea

Mikel Odriozola igandean dena emateko prest dago. Argazkia: BAT Basque Team
Mikel Odriozola ibilketari errenteriarrak Euskal Herriko gizonezko kirolarien artean inork lortu ez duena lor dezake igandean. Motrilen (Granada, Espainia), ibilketako 50 kilometroko Espainiako Txapelketan parte hartuko du, helburu bakarrarekin: Rioko Olinpiar Jokoetara sailkatzea. Hori lortuko balu, jokoetan lau partaidetza izango lituzkeen lehen gizonezko euskalduna litzateke.
Helburua lortzeko bi baldintza bete behar ditu ibilketariak: Espainiako txapeldun edo txapeldunorde izan (hau da, lehen bien artean sailkatu), eta hori eginda, lortutako denbora hiru ordu eta 53 minutukoa baino baxuagoa izatea.
Denbora eta postu horretara iristeko gogor lan egin du Odriozolak azken hilabeteetan. Etxetik kanpo entrenatu du, Hego Afrikan, Sierra Nevadan (Granada, Espainia) altueran, edo Benicassimen (Castello, Herrialde Katalanak) itsasoko mailan. HITZAri esan dio konfiantza osoa duela bere buruan, lorgarria dela laugarrenez Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea.
HITZAk ostiralean, papereko edizioan, Odriozolari egindako elkarrizketa argitaratuko du.