Laguntasuna Errenteria-Oreretako txirrindulari elkarteak, Gurpil Artea Oarsoaldeko txirrindulari eta patinatzaileen elkarteak eta OTXE Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak antolatuta, Errenteriako Txirrindularitza Asteburua egingo dute martxoaren 4tik 6ra bitartean
Santesteban, Astarloza, Txasko, Lopez eta Urzelai.
Laguntasuna Errenteria-Oreretako txirrindulari elkarteak, Gurpil Artea Oarsoaldeko txirrindulari eta patinatzaileen elkarteak eta OTXE Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak antolatuta, Errenteriako Txirrindularitza Asteburua egingo dute martxoaren 4tik 6ra bitartean Errenteriako Udalaren babesarekin. laguntasunako Niko santesteban, Gurpil Arteako Aritz Lopez eta Gorka Urzelaik, eta OTXEko Mikel Astarlozak eman dituzte asteburuaren gaineko xehetasunak gaur egin dute agerraldian.
Helburua txirrindularitza eta txirrindaren erabilpena sustatzea dela esan dute antolatzaileek eta horri begira egitarau zabala prestatu dute. Martxoaren 4an hasiko dute jaialdia. Egun horretan Errenteria-Oreretako KhuBikes txirrinda dendan bi dokumental emango dituzte, Premmier Euskal Herria eta San Francisco MASH 2015, “pinoi finkoari buruzko dokumentalak dira” esan dute antolatzaileek.
Urrezko esprinta
Txirrindularitzaren asteburuaren barruan Alebin eta Infantil Mailako errepideko lasterketak egingo dituzte martxoaren 5ean, larunbatarekin. Fanderia etorbideak hartuko du proba hori eta parte hartzaileek hainbat itzuli egin beharko dituzte zirkuitu itxian, “alebinek 5 itzuli egin beharko dituzte eta infantilek 10”. 16:30ean hasiko da lasterketa eta ordubeteko iraupena izango du. Larunbatean bertan eta Gurpil Artea elkarteak antolatuta Gold Sprint (Urrezko esprinta) proba egingo dute Reina aretoan 19:30ean hasita. Bizikleta estatikoetan egiten dela proba azaldu du Loopezek, “errodilloak erabiltzen ditugu eta bi bizikleta eta parte hartzaileak binaka lehiatzen dira. 250 metroko esprinak egin beharko dituzte eta kanporaketa moduan sailkatzen joango dira”.
Edonork parte har dezakela proba horretan esan du Lopezek eta horretarako probatzeko aukera ere izango dutela, “esprinta bizia delako”. Parte hartu nahi dutenek egunean bertan 19:00etatik aurrera izango dute izena emateko aukera.
Igandean, bi txirrindularitza sari
Martxoaren 6an, berriz, bi txirrindularitza sari jokatuko dituzte Errenterian. OTXEk antolatuta San marko gotorlekuak Open Euskadi Mendi Bizikletako Errenteriako Saria jokatuko da: “Hain bat kategoria lehiatuko dira, alebinak, haurrak, emakume kadeteak, juniorrak, masterrak, 23 azpikoak, eta emakume elitekoak. Proba gainera Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da”. 11:00etan hasiko da saria.
Egun berean, baina arratsaldez, Gazte Mailako Errenteria Hiria XXXIII. Txirrindularitza Saria antolatu dute Laguntasuna Elkarteak eta Errenteriako Udaleko Kirol Patronatuak. 16:30ean hasiko da proba eta irteera eta helmuga Agirre Lehendakariaren Plaza parean izango ditu. 77,5 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek Oiartzun, Lezo eta Errenteria zeharkatuta eta Gaintxurizketa gaina hiru aldiz igota. Tropela Iztietatik eta Nafarroa etorbidetiik hiru aldiz pasako dela zehaztu dute antolatzaileek, 17:00etan, 17:30ean, eta 18:00etan. “Aurten Jubenil Mailan parte hartuko duten talde eta txirrindulari onenak izango dira proban, tartean, Errenteriako Laguntasuna elkarteko txirrindulariak. Azken horiek lasterketa ona egitea eta ohorezko postuak lortzea espero dugu”, esan dute antolatzaileek.
Jon Txasko Kirol zinegotziak herritar guztiak animatu ditu Txirrindularitza Asteburuarekin bat egitera, “txirrinda kirola da, baina baita ere osasuna, ingurumena eta mugikortasuna”.