Gogor kritikatu zuten EAJren kudeaketa, eta Kepa Garbizu alkateak zein EAJk "iruzur" egin diela esan zuen Sarasolak.
Lezo garbiako kideak atzoko batzarrean
Lezo Garbia plataformak batzarra deitu zuen atzo arratsaldean, eta hamarnaka lezoarrek egin zuten bat deialdiarekin. Gezala auditorioa beteta zegoen eta haserrea izan zen nagusi batzarrean zehar. Mahaiaren atzean atez atekoaren kontrako taldeko ordezkariak izan ziren, eta haien izenean Patxi Sarasola mintzatu zen. Gogor kritikatu zuten EAJren kudeaketa, eta Kepa Garbizu alkateak zein EAJk “iruzur” egin diela esan zuen. “Hauteskunde kanpainan bosgarren edukiontziaren aldeko apustua, eta atez atekoaren kontra egin zuten argi eta garbi. Edukiontzien ezarpenaren alde egin zuen EAJk orduan. Hori zen bidali zuen mezua gure bozkak izateko”.
Batzarrera bildu zirenen artean, mahaian bezala, haserrea nabarmena zen eta parte hartzaile batek baino gehiagok kritikatu zuen EAJren jarrera hondakinen bilketarako EH Bildurekin batera lortu duen akordioaren harira.
Atez atekoaren kontrako plataformak EAJk agindutako galdeketari ere egin zion erreferentzia eta bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera berretsi zuen.