Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko aukera du etzi Odrizolak, ibilketako 50 kilometroko Espainiako Txapelketan. Ondo prestatu da, eta ziur dago beharrezko postua eta marka lortuko dituela
Igandea, Motril (Granada, Espainia), 50 kilometro aurretik. Riora bai ala bai.
Hori da, bai ala bai Rion. Ondo entrenatu dut, konfiantzarekin nago, eta saiatuko naiz beharrezko dudan postuaren bila lehiatzen, dena ematen.
Rioko Olinpiar Jokoetan egoteko bi baldintza bete behar dituzu. Lorgarriak?
Lehenengo baldintza da 50 kilometroko ibilketa proban irabazi edo bigarren izatea, hau da, Espainiako txapeldun edo txapeldunorde izan behar dut. Eta bigarrena, denbora jakin bat baino gutxiago egitea, hiru ordu eta 53 minutu, alegia.
Bi baldintza horiek betetzeko gai zara.
Baietz uste dut. Egia da azken urteetan ez naizela jaitsi hiru ordu eta 50 minutuko markatik, nire marka onenetik, alegia. Baina azken urtean uste dut gauzak ongi egin ditudala, ikusita aurreko urteetako emaitzak nahi bezalakoak ez direla izan. Akatsak non egin genituen aztertu genuen, eta horiek iraultzeko baliabideak jarri ditugu. Etxetik kanpo egin dut prestaketaren zatirik handiena, eta altueran. Horrek azkenean entrenamenduan eragina izan du, entrenatu eta atseden hartu besterik ez dudalako egin. Hainbat betebehar albo batera uzteko aukera izan dut, entrenamenduetan zentratu naiz, hortaz, lasaiago ibiltzeko aukera izan dut, indar guztia entrenamendu prozesuan jarri dut. Igandean ikusiko dugu ea egindako guztiak balio izan ote duen.
Kanpoan, baina non garatu duzu prestaketa prozesua?
Azaroan eta abenduan altuerako entrenamenduak egin nituen, Sierra Nevadan. Ondorenean Hegoafrikan egon naiz, eta azken asteak itsasoko mailan entrenatzen eman ditut, Benicassimen zehazki. Azken aste hau etxean egin dut, batez ere errekuperazio lana egiten, familiarekin egoten, eta animoak jasotzen.
Laugarrenez Olinpiar Jokoetan egoteko aukera esku-eskura duzu.
Gizonezkoen artean lehen euskalduna izango nintzateke lau Olinpiar Jokoetan izan dena. Nire ibilbiderako ere sekulakoa litzateke, opilaren ginga. Nire adinarekin [1973ko maiatzean jaio zen], uste dut azken aukera dela Riokoa.
Ibilketako Espainiako 50 kilometroko Txapelketaren zirkuitua bi kilometrokoa da, hortaz, 25 bira eman behar dizkiozu. Psikologikoki latza al da hori?
Gisa horretako zirkuituetara ohituta nago, kilometro batekoetan ere ibilia naiz horiei 50 bira ematen. Baina hobe da bi kilometrokoa izatea batekoa baino. Ez dut arazorik.
Brasilen udan egoteko faktore nagusia, zuk duzuna ematea da bakarrik, edo kontrarioek egingo dutenaz beldur zara?
Kontrarioak beti hartu behar dira kontuan, baina batez ere ni naiz egingo dudanaren erantzule. Faktore nagusia nire buruan dago. Hori kontrolatzen badut, hasieratik erritmoak betez, uste dut dena ondo joango dela. Bai fisikoki eta mentalki lasai joan nahi dut.
Igandea, 15:00ak edo 16:00ak. Nola egongo zara?
Nire ustez, pozez beteta.