Agerraldi jendetsua egin du gaur Lezon Ondo Ai Gea taldeak, eta hondakinen kudeaketan azken asteetan izan duen jarrera azaldu du
Lezon ONdo Ai Gearen aldekoak, plazan, herri argazkian
Hondakinak biltzeko sistema egokiena atez atekoa dela uste izan arren, EAJk eta EH Bilduk hitzartu duten sistema mistoarekin bat egin du Lezon Ondo Ai Gea taldeak. Hara iristeko prozesuaren, eta horretan izandako jarreraren gaineko azalpenak eman ditu gaur goizean, agerraldi jendetsuan, taldeak: “Bat egiten dugu akordio honekin. Gaur egun %85eko bereizte maila dugu, eta sistema mistoarekin, lezoarren jarrera ona ikusita, ez genuke tasa honetatik urrun ibili beharko”. Dena dela, taldea “adi” ibiliko da, “akordioak ezinbestean eskatzen duen jarraipen mahaian parte hartuko dugu”.
Mistoaren erabakiak hondakinen kudeaketaz herrian sortutako mahaian du jatorri. Horretan egon ziren udalean ordezkaritza duten alderdiak (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), eta hondakinen kudeaketaren harira sortutako taldeek, Lezo Garbia eta Lezon Ondo Ai Gea. Aurretik, ordea, buruz buruko bileretan parte hartu zuen Ondo Ai Geak, tartean, abenduaren 18an alkatearekin izandako bat: “Bilera horretan hasieratik adierazi genuen bereizketa mailak zuela lehentasuna, eta horretan ez genuela atzera pausurik onartuko”.
Gaurko agerraldian esan dutenez, Lezo Garbiak mahaian izandako jarrerak, bertan esandakoekin —mahaiaren gainean Gipuzkoako hainbat herritako ereduak jarri zituzten, sistema mistokoak denak— ados zeudela irudikatzen zuen, “baina azken orduan atera egin ziren”. Horrela, Ondo Ai Geak jakinarazi du mahaiko jardunean “denek zerbait uzteko” jarrera izan zutela. Horrela, udalak hartutako erabakia, sistema horien azterketa ekonomikoa eta herritarrengan izan zitzaketen aldaketen eragina neurtuz egin dela esan du taldeak.
Errauste planta
Behin sistema mistoa ezarrita —martxoko plenoan landuko dute zinegotziek gai hori—, Lezon Ondo Ai Gea taldekoek adierazi dute euren zeregin nagusia aurrerantzean errauste planta ez egiteko lan egitea izango dela, “hondakinen gaiarekin erabat lotua dago. Errauste plantak oso kutsakorrak dira, osasun arazoak sortzen dituzte, garestiak dira. Gipuzkoako gainerako herriek Lezo, Oiartzun edo Oñatik adina bereiziko balute, errauskailua eraikitzeko arrazoia desagerraraziko genuke”. Hortaz, bihar Zubietara, errauste plantaren kontra egingo den martxara joateko eskatu diete lezoarrei.