Asteburuko Ibilketa 50 kilometroko Espainiako txapelketan bigarren sailkatu da Mikel Odriozola. Minutu batean gainditu du ordea, federazioak Riora joateko zuzeneko txartela lortzeko jarritako denbora. Laugarren Olinpiar Jokoak egingo dituen edo ez argitzear dago oraindik.
Ondo entrenatuta eta konfiantzarekin joan zara Ibilketa 50 kilometroko Espainiako Txapelketara. Zein da emaitzaren gaineko balorazioa?
Balorazioa oso positiboa da, batez ere ikusi egin zelako berriro Mikel Odriozola azaldu dela. 2011tik ez nuen marka hori hobetzen, bost urte eman ditut eta orain hobetzeak asko suposatzen zuen niretzat, batez ere urte olinpikoa dela kontuan hartuta garrantzitsuagoa da, eta motibatuta nago oso.
Zein marka egin duzu?
3 ordu 54 minutu eta 17 segundo.
Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bi baldintza bete behar zenituen. Lehenengo edo bigarren sailkatzea, eta 3 ordu eta 53 minututik behera ibiltzea. Honek baldintzatzen du Rion izatea?
Bai, alde batetik baldintzatzen du. Mahai gainean jarri behar da, ordea, atzoko eguraldia ez zela aproposa izan probarako. Haize gogorra izan genuen probak iraun zuen lau orduetan, horrek azkenean marka hori baldintzatzen du, baina minutu batera gelditu nintzen. Balorazioetan ikusiko da hori, baina egia da minimoa gainditu nuela. Izan ere, federazioak eskatzen duen denbora gutxienekoa 3 ordu 58 minutukoa da Riora joateko, baina gero, txartela zuzenean lortzeko marka jaitsi egiten du eta 3 ordu eta 53koa jarri zuen. Marka badaukat, beraz, baina Riorako txartel zuzena ez. Bost urteren ostean marka hobetzea niretzat garrantzitsua izan da, eta eman dudan irudia nahikoa ona izan da. Hasieratik aurrean jarri nintzen txapelketan, eta azkenean, pertsona bakarrak aurreratu ninduen. eta 25 segundo atera soilik. Munduko txapelduna da irabazi duena, ez da edonor, eta horrek ere badu bere garrantzia.
Beno, edonorekin ere ez da lehiatzen Mikel Odriozola, ezta?
Bai, hori da. Egia da gure diziplinan jende ona dugula eta horrek ere eragina duela emaitzetan.
Riora joango zaren edo ez noiz jakingo duzu?
Oraindik ez dakigu, datozen aste hauetan baloratuko dute. Bestalde, aurten Munduko Kopa dugu, Erroman jokatuko dena maiatzaren 8an. Bertan aukera izango nuke eskubidea lortzeko parte hartuta, Riorako bi plaza leudeke. Laugarren eta bosgarren postua egin dutenek Riora joateko nire marka eta hirugarren sailkatuarena hobetu beharko lukete. Ez badute hobetzen, Bragado eta neu joango ginateke. Hori ere zintzilik dago.
Munduko Kopara joango zarela esan nahi du horrek, edota itxaron behar duzula bertako parte hartzaileek zein emaitza egiten duten?
Bi aukera horiek daude, eta oraindik ez dakit zer egingo dudan. Ideia izango litzateke Munduko Kopan parte hartzea eta beraien gainean egotea, markajea egitea eta nire marka defendatzea. Ez dakigu oraindik, baina aste honetan edo hurrengoan esango digute.
Emozioa azken unera arte.
Beno, beti bezala [barre egin du]. Nire 25 urtean kirol munduan horrela izan da beti, urte batean ondo, beste batean… Esperientzia badut beraz.
Riokoa azken aukera duzula esan duzu, adinagatik. Bertara iristen bazara zure laugarren Olinpiar Jokoak izango dituzu. Zer emango du Mikel Odriozolak, zein da zure helburua?
Azkenean nire kirol ibilbidean ginga jartzea litzateke. Azken karrera egitea Rion eta batez ere nire jendearekin han ospatzea, izugarria litzateke. Azken batean 25 urteko ibilbidea kirolari batentzat olinpiadetan amaitzea izugarria izan behar du, ametsa. Nire laugarren jokoak gainera… izugarria litzateke.
Zer da gogorrena olinpiar jokoetan?
Azken urteetan batez ere arlo psikologikoa izan da gogorrena, baita ere fisikoan, urteak ez direlako alperrik joaten. Urteak pasa ahala errekuperazio momentuetan nabaritzen dut gehiago zaindu behar naizela. Psikologikoki, berriz, urte asko dira presio betean ibiltzen naizela urtero, orain bezala uneoro pentsatzen ari zara marka lortuko duzun edo ez, bekak lortzen dituzu horren arabera, beka lortzen baduzu dirua duzu, bestela ez… Azkenean psikologikoki ez da erraza hori mantentzea. Baina bestalde, nire bizimodu gisa jarri nuen kirola, asko gustatzen zaidalako egiten dudan lana, eta horrek du garrantzia gehien. Maite dut nire kirola, poztasun handiak eman dizkit: lagunak mundu osoan egin ditut, bidaiatzeko aukera eman dit mundu osoan egon naiz, kontinente guztietan, eta nire kirol ibilbidearekin hori guztia ere eramango dut.