Etxe huts, bide huts?
Etxebizitza hutsen gaineko azterketa egin berri du Gaindegiak Oiartzunen, udalaren eskariz; azterketak zer egin badagoela agerian utzi du
Etxebizitza hutsak (Eustat-en 2011ko datuak) Errenteria-Orereta. 1.358 Lezo. 252 Oiartzun. 487 Pasaia. 825 Irun. 2.714 Hondarribia. 712Baserri eta etxe bakan asko Oiartzungo etxebizitza hutsen kopurua Oarsoaldeko etxebizitza hutsen kopurua baino pare bat puntu handiagoa da. %11,95ean kokatzen da. Datuari erreparatzean bi faktore kontuan hartu behar dira, Gaindegiak dioenez: «Ez dugu ahaztu behar, Oiartzunek etxebizitza diseminatu asko duela, eta etxe horiek kalean baleude ziur aski asko eta asko erabiliko liratekeela». Modu berean, etxebizitza inbertsio moduan erosi zuten askok Oiartzunen erosi zutela nabarmendu dute. «Gizartearen zahartzea hor dago. Asko izan litezke kopuru hauen kausak», gaineratu dute. Azterketa egiteko Oiartzungo herria hemezortzi esparrutan banatu du Gaindegiak, eta esparru horietako hirutan etxebizitza huts gehien biltzen direla ondorioztatu dute. Etxebizitza huts gehien, guztien %26,3 zehazki, baserriak edota etxegune bakanak dira, guztira, 94 finka. Erdigunetik urrun kokatzen dira gehienak. Etxebizitza huts gehien duen bigarren auzunea Elizalde da, guztien %18,2 —guztira 65 etxebizitza—. Kasu honetan, erdigunean kokatzen dira bizitokiak. Altzibar da etxebizitza huts gehien duen hirugarren auzunea, %13,4. Orotara, 48 etxe. Etxe hutsen batez besteko azalera 93,4 metro koadrokoa da; antzinatasunaren batez bestekoa, aldiz, 57 urtekoa. Politika zuhurragoak Gaindegiak azaldu duenez, udalek oso tresna gutxi dituzte etxebizitza politika integralak garatu ahal izateko, eskumena Eusko Jaurlaritzarena delako. Hala ere, udalek hirigintza antolatzeko eskumena dute, eta beraz, herrian egin beharko liratekeen etxebizitza berrien zenbatekoa eta nolakotasuna erabaki dezakete.
34.038 Etxe huts gipuzkoan Eustat-ek 2013. urtean jasotako datua da.Udal asko, gainera, etxebizitza politikaren bidez finantzatu dira krisiak eztanda egin duen arte, eta maiz, hazkunde demografikoari erantzunez baino, irizpide ekonomiko soilei erreparatuta. Gaindegiak nabarmendu duenez, politika horien ondorioz, lur asko okupatu egin da, eta aldiz, herrien alde zaharretan ez da behar adina inbertsiorik egin. Ziurrenik egoera ekonomiko berriak hala behartuta, etxebizitza politika zuhurragoak egiten hasiak dira udalak, Gaindegian ikusi dutenez. «Eraikita dagoen etxebizitza parkearen kudeaketa efizientea garatu nahi dute». Bide horretan, baina, oraindik zer egin asko badagoela iritzi diote Gaindegiako adituek: «Komenigarria litzateke etxebizitzak berritzeko politika indartsuagoak bultzatzea». Gaindegiaren ustez, neurriak hartzen ez badira, litekeena da Euskal Herrian hurrengo urteetan etxebizitza hutsen kopurua handitzen joatea. «Gaindegiak eginiko azken ikerketan 2030erako Euskal Herriak 100.000 biztanle gutxiago izatea aurreikusten da», ohartarazi dute. Biztanleriaren gutxitze horrek, Gaindegiaren ustez, “erabateko eragina izango du alde zaharretan, baserrietan eta industriaren abaroan eraikitako auzune zenbaitetan”. Horregatik, espazio horiek guztiak aztertu, eta «etorkizunari begira jartzeko une egokia» dela iritzi dio Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategikoak.
Enekoitz Markos, Oiartzungo udaleko zinegotzia:
«Oraindik ez dugu formula, baina behintzat hasiak gara lanean»
Kargua hartu aurretik, etxebizitzaren alorrean aritu zen lanean egun Kirol eta Kultur departamentuko zinegotzi denak; kezkaz bizi du gaia, eta argi du non eragin badela. Oiartzungo Udalak etxebizitza hutsen gaineko azterketa eskatu dio Gaindegiari. Zertarako? Urte dezente dira Oiartzungo Udalean etxebizitza politika bat aurrera eraman nahian gabiltzala, eta horretarako, ikusi dugu alokairua bultzatzea dela garrantzitsua. Etxebizitza hutsak oso garrantzitsuak dira horretarako. Eraiki beharrean, uste dugu, baditugula Oiartzunen etxebizitza huts dezente. Azken urteetan, gainera, aldundiak etxebizitza hutsei gainkargua jartzeko aukera eman du, eta horren ondorioz, horiek identifikatzeko erraztasun legala izan dugu. Jakin nahi dugu zenbat etxebizitza huts dauden, eta gero, horiek kokatu eta sailkatu. Ondoren etxe jabeengana joan nahi dugu, eta jakin nahi dugu, zergatik dauden hutsak, zein egoeretan dauden eta zer egin dezakegun etxebizitza horiek alokairuan kaleratzeko. Zenbat etxebizitza huts daude Oiartzunen? 300 etxebizitza pasatxo ditugu hutsak. Hori, gaur egun ditugun baliabideekin zenbatuta, askotan etxe hutsa definitzea ez baita batere erraza. Oiartzungo Udalarentzat zer da etxebizitza huts bat? Legearen arabera kontsideratu zitekeen hutsa erroldaturik ez zuen etxebizitza bakoitza. 2013an, Oiartzunen irizpide horren araberako sistema jarri zen martxan. Gerora ikusi genuen ez zela sistema perfektua eta salbuespen batzuk jartzen hasi ginen. Azkeneko urtean erroldarik gabekoak kontsideratu ditugu etxe hutsak, baina ondoren etxearen jabeari erreklamaziorako epe bat eskainita. Bertan erroldatuta ez dagoenak, ur kontsumoaren bidez justifika dezake bertan bizi dela, eta kasu batzuetan argindarraren ordainagiriarekin. Batez ere, errolda eta ur kontsumoa dira baliabideak. Etxeak identifikatu dituzue. Hurrengo urratsak? Eusko Jaurlaritzarekin egon gara, badituelako programa interesgarri batzuk; Bizigune eta ASAP. Etxebizitza hutsak merkaturatzeko programak dira. Programa horiek, nagusiki, bi abantaila dituzte: batetik, ziurtatzen dio etxearen jabeari errenta kobratuko duela; bestetik, etxebizitzan puskatzen den edozer konpontzeko asegurua badago. Guk, lehenbizi, etxebizitza huts horien sailkapena egingo dugu, eta baliagarriak izan daitezkeenak hautatuko ditugu. Normalean pisuak izango lirateke, 50-90 metro koadrokoak. Etxebizitza horien jabeekin kontaktuan jarriko gara jakiteko zergatik ez duten etxebizitza hori alokatzen. Horren arabera, programa bat sortu nahi dugu etxebizitza horiek merkaturatzeko. Erabakitzeke dago udalak berak kudeatuko duen programa, edo Eusko Jaurlaritzaren bitartez egingo den. Beraz, udalak bitarteko propioak sortzea aurreikusi du? Nik, kontu honetan, ez dut uste sistema perfekturik dagoenik. Egia dena da, udal dezente ari direla etxebizitzaren arloa lantzen. Lehen ez zen egiten. Etxebizitzak eraikitzen ziren, eta etxebizitza publikoaren politika Eusko Jaurlaritzaren esku uzten zen. Gaur egun behintzat, herri askotan, udal etxebizitza politikak martxan jartzen ari dira. Oiartzungo Udalak 100.000 euroko partida bat gorde du aurtengo aurrekontutan etxebizitza politika bat egiteko. Oraindik ez dugu formula, baina behintzat hasiak gara norabide horretan lanean. Inbertitu nahi zuten askok Oiartzunen erosi dute bigarren etxebizitza. Oiartzuarren kaltetan izan dela uste duzu? Baliteke. Inguruan dagoen herri garestiena da ziur asko, eta inbertitzeko herri bat ere bada. Ez dakit zein den arrazoia, baina bai uste dut Oiartzungo etxebizitzaren prezioa altua dela. Etxe huts asko baserriak eta etxe bakanak dira. Baserrien hustea aspalditik da arazoa Oiartzun bezalako herrietan, eta azterketa honek balio digu hor ere lanketa bat egin beharra dagoela ikustarazteko. Alderatzen badugu, Lezo, Pasaia edo Oreretarekin, berezitasun hori badugu. Baserri kopururik altuena Oiartzunek izango du ziur asko, eta finkak proportzioan ere bai. Hauek merkaturatzea ez da erraza izango, ezta? Zailenak dira. Eusko Jaurlaritzaren programetatik kanpo geratzen dira, eta udalak dituen baliabideekin zaila da horiek mugitzea.«Udalak 100.000 euroko partida gorde du etxebizitza politikarako» Enekoitz Markos, zinegotziaBeraz, lehentasuna, pisuetan jarriko duzue oraingoz. Bai. Gehienak Elizalden daude, plaza inguruan, eta baita Altzibarren ere. Udalak horiek konpondu edota horiek konpontzeko laguntzak eman behar baditu, pisu batek erraztasun handiagoak emango ditu familia bakarreko etxeak baino. Zure ustez, Oiartzunen, beharraren gainetik eraiki da? Nik uste dut joera hori gelditu dela Oiartzunen. Saihestu egin da. Martin Beramendiren agintaldian arau subsidiario batzuk onartu zituzten, eta horietan kristoren etxe piloa eraikitzea aurreikusita zegoen. Lortu zen etxebizitza kopurua jaistea, eta ondoren Arraguakoa bertan behera geratu zen eraiki behar zuen enpresak porrot egin zuelako. Nik uste dut, neurri batean behintzat, beharraren gainetik ez eraikitzea lortu dela Oiartzunen. Eraiki diren azkeneko etxebizitzak Altzibarko Olaldekoak dira, eta lortu da denak betetzea, eta gehiengoa oiartzuarrekin. Errekarguak emaitzarik eman al du Oiartzunen? Bai. Behintzat hasiera bat da, ez agian bikainena, baina bai hasiera bat etxebizitza hutsaren definizio baterantz. Zer ekarri du? Adibidez, ikustea erroldaturik ez duten etxebizitza guztiak ez daudela hutsak. Gazte dezente daude, etxetik alde egin eta gero ere gurasoen etxean erroldatuta. Beste kasu batzuetan, etxebizitza horiek negozioak izaten dira; kontsultak, bulegoak… Urteekin hobetzen joan gara, salbuespenetan fintzen. Zer lortu den? Errealitate bat ezagutzea, zenbat etxebizitza dauden eta zein motatakoak. Gainkargu horrekin ere diru bat lortzen da etxebizitza politikara bideratzeko. Baina gainkarguaren helburua ez da horretara mugatzen. Teorian gainkarguaren helburua da etxebizitza huts horiek merkaturatzea, baina nire ustez, hori ez da lortzen. Errekargua jartzeagatik, alokatu nahi ez duenak, ez du alokatzen. Baina kontzeptu hauetaz hitz egiten hasteko balio izan du. Orain badakigu etxebizitza huts batzuk baditugula; jakingo dugu zergatik dauden hutsak eta horrekin lanean has gaitezke. Lehen lan ildo horiek ez ziren planteatu ere egiten.
300 etxebizitza huts
Gaindegiak Oiartzunen egin berri duen azterketaren arabera, 300dik gora etxebizitza huts daude udalerrian.