Monumentuaren ideia mendeurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorio dela esan du garazi Lopez Etxezarreta Euskara zinegotziak, argia ikusi bidean den eta une honetan lantzen ari diren hizkuntzalariaren gaineko ipuina bezala.
Garazi Lopez Etxezarreta. Koldo Mitxelenari monumentua egiteko prozesua martxan.
Ekimen ugari antolatu zituzten iaz
Koldo Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrenaren harira. 2016. urteak lekukoa hartu eta beste hainbeste ere hartuko ditu Errenteriako hizkuntzalari handiaren omenez. Tabakaleran amaitu berria da Euskadiko Filmategiak Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatutako Mitxelenarenak zikloa. Errenterian joan den urria eta azaroaren artean egin zuten ziklo bera, eta Oarso aldizkariak Mitxelenaren gaineko gehigarri berezia argitaratu zuen udan.
Orain, berriz, monumentua egin nahi dio udalak hizkuntzalari ospetsuari. Monumentuaren ideia mendeurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorio dela esan du garazi Lopez Etxezarreta Euskara zinegotziak, argia ikusi bidean den eta une honetan lantzen ari diren hizkuntzalariaren gaineko ipuina bezala. Horrenbestez, gaur bertan abiatu dute Mitxelenaren gaineko eskultura egiteko lehiaketa eta artistek maiatzaren 31 arte izago dute euren proposamenak aurkezteko aukera. Behin denak bilduta, bi artistek, Mitxelenaren gaineko aditu batek, eta Lau Hazietara Euskaltzaleon Topaguneko kide batek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den lanik egokiena hizkuntzalaria irudikatzeko.
Xenpelar bertsolariaren izena ekarri du gogora Lopez Etxezarretak gaur egindako agerraldian, “Xenpelarrekin antzeko prozesua egin genuelako eskultura egiteko”. Bertsolariaren kasuan Xenpelar Bertso Eskolaren ekimenez jarri zen martxan proiektua eta egun Foru plazan du lekua Xenpelarren omenezko eskulturak. Mitxelenaren kasuan udalarena izan da ideia. “Mugarik ez diogu jarri eskulturari – esan du Lopez Etxezarretak – artistak berak erabakiko du figuratiboa izan edo ez izan, neurriak eta bestelako ezaugarriak”. Monumentuarentzat kokapen posible batzuk aztertu dituela udalak ere esan du Euskara zinegotziak, baina ez du ezer aurreratu nahi izan, “Mitxelena berarentzat errefernetziazkoak ziren espazioak lirateke, baina ez dugu ezer aurreratuko monumentuaren ezaugarriek baldintzatuko dutelako kokapena, eta baita hirigintza araudiak ere. Eskultura egiten duenak proposatuko du non nahi duen kokatzea bere lana eta gero guztion artean eta aipatutako irizpideak aintzat hartuta erabakiko dugu”.
20.000 euro eskultura egiteko
Maiatzaren 31n proposamenak aurkezteko epea amaituta, hilabete eta erdi beharko duela irabazlea aukeratzeko epaimahaiak esan du Kultura zinegotziak: “Hortik aurrera abaneduaren 31 arte izango du irabazleak monumentua egiteko epea, eta 20.000 euro arteko diru zatia obra gauzatzeko”. Saria jasoko du, bestalde irabazleak, 2.500 euro.
Monumentua egitearen gainean debate zabala izan dela udalean azaldu du Lopez Etxezarretak, “monumentuena garaikidea, gaur egungoa den edo ez aztertzen izan gara. Orohar, presentzia garrantzitsua dela gaztentzat uste dugu. Figuratiboa izan behar zuen edo ez ere jarri genuen mahai gainean… Udaletik argi dugu, oso garrantzitsua dela euskararen munduan Mitxelena, eta izen asko izateagatik ere, agian bera fisikoki ordezkatuko duen eskultura batek oraindik ere balio gehiago emango diola uste dugu, eta hortik jaio da gure idea. Belaunaldi berriei begira, izenetik harago fisikoki materialidade baten barruan interesgarria dela Mitxelenarengana gerturatzeko aukera izatea”.
Momentuz, Koldo Mitxelenak ikastetxea eta Institutua ditu Errenterian eta plaza bere omenez. 2017tik aurrera bere omenezko monumentua ere izango du jaiotzen ikusi zuen herrian.
Lehiaketaren oinarriak.