1966ko azaroan eman zituen lehen pausuak Oskarbik, hemendik hurbil, Pasaian.
Oskarbi talde mitikoak kontzertua emango du Errenteria-Oreretan hilaren 12an. 1966ko azaroan eman zituen lehen pausuak Oskarbik, hemendik hurbil, Pasaian. Lau urtez Ez Dok Amairuko partaide ere izan zen (1967-1971). Aurten, beraz, 50 urte beteko ditu euskal kantu herrikoiak zabaltzen eta berriak sortzen hasi zela. Urte horietan guztietan ehunka kantaldi eta kontzertu eman ditu Oskarbik Euskal Herrian eta baita hamar disko grabatu ere, une honetan hamaikagarrena grabatzen ari da taldea.
Hilaren 12an emango duen kontzertuak Oskarbi berria eta zaharra uztartzen dituela esan du Oarsomusikak, kontzertuaren antolatzaileak. Taldea sortu zenetik bertan dabiltzan Iñaki Maritxalar eta Joxelu Trekurekin ariko dira ondoren hasitako Carlos Ruiz, Gontzal Iñarra eta Beronik Ondikola, eta baita orain hasi diren Maite Aizkorreta eta Bakartxo Maritxalar.
Kontzerturako sarrerak gaurtik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean 10:00etatik 13:00etara eros daitzezke Niessen Kulturguneko leihatilan, aurrez 8 euroan eta egunean bertan, 10 euroan.