Herriko gazte eta ikasleek nortasun berezia emango diote Martxoaren 8aren harira herriko eragileek eta udalak prestatu duten egitarauari. Berdintasuna kontzeptuan sakonduko dute.
Udaletxean egin dute gaurko aurkezpena
Berdintasuna, gizarte justuagoaren, errespetuaren eta tolerantziaren bidetik lortuko dela uste dute Lezoko eragileek. Eta hori hartu dute kontuan Martxoaren 8aren (Emakumeen Nazioarteko Eguna) egitaraua prestatzeko. Egun horri begira bai, baina urte osoko lanari eman diote garrantzia herriko eragileek berdintasunaren bide horretan sakontzeko, egunero, eta edozein esparrutan. Horren seinale da Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutakoak herriko hainbat eragileren bidez mamitu direla. Hilaren 7tik 19ra dira ekitaldiak (egitaraua albiste honen bukaeran dago).
Udalaren hainbat sail —zeharkako lana eginez—, Kuadrillategi, herriko ikastetxeak, Gaxuxa Emakume Elkartea, Osakidetza eta Osasun Saila batu dira aurten Martxoaren 8az harago joan nahi duten ideiak partekatzeko. Horien ordezkariak izan dira gaur egitarauaren aurkezpenean, Noemi Arberas udaleko Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun zinegotzia buru zutela. Horien inplikazioa nabarmendu du hautetsiak, eta gazteen partaidetzan jarri du arreta, nahiz eta egitaraua askotariko adineko lezoarrentzako prestatu: “Gizon eta emakumeen bizipenak berdintasunean partekatzen dituen gizarte justuago bat nahi bada, beharrezkoa da gazteak berdintasun, errespetu edota tolerantzia kontzeptuekin haztea”. Ildo horretatik, herriko ikastetxeek eta Kuadrillategik egingo duten ekarpena goraipatu du.
Naiara Arri Lezoko Udaleko Berdintasun teknikariak, Elhuyar Aholkularitzakoa bera, talde lanean enfasia egin du, horrela, askotariko ekitaldiak atontzea lortu dutelako. Horretan ere sakondu dute Osakidetzako ordezkariek, esanaz, gizartearen arazo globalei erantzuteko bokazioa duela osasun erakundeak, “sarean lan eginez”, eta herritarretatik hurbil. Osakidetzak ikastetxeekin elkarlanean ikus-entzunezkoa egin du —11-12 urteko ikasleekin—, eraso sexistak fisikoak bakarrik ez direla ohartarazteko herritar gazteen artean, “hitzezko biolentziaren berri eman nahi dugu”. Lezoar adineko ezagunekin ere ikus-entzunezkoa egin du Osakidetzak, berdintasunaren aldeko mezuak bilduz.
Ikastetxeak
Martxoaren 8ko harirakoetan herriko ikastetxeek ere parte hartu dute. Lezo Herri Eskolako Iñigo Salaberria izan da gaurko aurkezpenean. Haren arabera, Martxoaren 8an zehar eta inguruko egunetan antolatutakoek badute garrantzia, baita urte, eta une bakoitzean berdintasunaren gaiari eutsi behar zaiola adierazi du, “guk hala egiten dugu gure ikastetxean”. Aldi berean, lantaldean egindako lanak emakumeen aldeko borrokari indarra ematen diola gaineratu du, «koordinazioak ematen dio koherentzia mezuari”.
Egitaraua
Honakoa da Martxoaren 8aren inguruan herrian egingo direnen zerrenda osoa:
- Hilak 4 (ostirala), Kuadrillategiren ordutegian, DBH3 eta DBH4ko ikasleekin, Berdintasunaz: hitz eta pitz World Kafea Oroitzene AEK euskaltegian.
- Hilak 5 (ostirala), 18:00etan, Gezala Auditoriumean, Las mujeres de verdad tienen curvas lanarekin zine-foruma.
- Hilak 6 (igandea), 20:00etan, Gezala Auditoriumean, La esclusa antzezlana.
- Hilaren 7tik 12ra, herriko hainbat espazio publikotan, herriko ikastetxeetako kideek Martxoaren 8aren harira egindako lanen erakusketa.
- Hilaren 7tik 12ra, Kultur Aretoko pantailan Osakidetzako erizainek gazteekin landutako ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da.
- Hilaren 7tik 19ra, Gaxuxaren lanen erakusketa Kultur Aretoan.
- Hilak 12 (larunbata), 19:00etan, Gezala Auditoriumean, Edith Piafen abestiak ekitaldia abeslari eta piano jotzaile batekin.
- Hilak 18 (ostirala), 21:00etan hasita, eta Gezala Auditoriumean, Zinegoak Film Laburren jaialdiko lanik onenen proiekzioa.