27. Lilatoia lehiatuko da etzi Donostian, eta han izango dira Oarsoaldeko eta Bidasoko ehunka emakume, korrika eginez, parekidetasuna aldarrikatu eta Emakumearen Eguna ospatzeko.
2013. urtean Oiartzungo Antiju Morik taldeko partaideak saritu zituzten, taldean 30tik gora emakume biltzeagatik
Etzi egingo da Donostian 27. Lilatoia, orain arteko jendetsuena. 5.000 emakumek eman dute izena urtero Martxoaren 8aren testuinguruan antolatzen duten lasterketan.
Ohi bezala 5 kilometro osatuko dituzte partaideek korrika, eta ibilbidea ere ohikoa izango da. Bulebarrean irteera eta helmuga, eta bien bitartean, erdialdeko kale nagusienak zeharkatuko dituzte emakumeek, Zurriolarako bidea hartu eta handik bueltan helmugara iristeko.
Aurten ohikoa izango ez dena, ordutegia izango da. 10:00etan irtengo da Lilatoia, ohi baino ordubete lehenago, Donostiako Udalak hala erabakita. Erabakiak eman du zeresana.
Bakarrik edo lagunekin
Urtero legez askotariko emakumeak elkartuko dira Lilatoian. Lasterketa irabaztera irtengo dira asko eta asko, eta aurreko urteetako marka hobetzeko asmoz gehientsuenak, aurten ere podiumera igotzeko lehia estua izango dela ziurra da.
Lehiarekin paraleloan, festa eta aldarrikapena ez dira faltako. Kirola gustuko dutelako joango dira batzuk Lilatoira; Martxoaren 8a korri eginez ospatzera joango dira beste asko. Motibazioak, ziurrenik, askotarikoak izango dira, baina partaide denak, guzti-guztiek, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna izango dute aldarri.
Hala, bakarka korri egingo dutenen ondoan, taldeka antolatutako emakumeak egongo dira. Herri askotan antolatu dituzte Lilatoirako taldeak.
Baietz eta Antiju Morik
Baietz taldeak ere parte hartuko du igandeko Lilatoian
Errenteria-Oreretan, esaterako, Baietz taldean korri egin ohi duten emakumeek parte hartuko dute etziko lasterketan. Errenteriako Atletismo Taldearen (EAT) barruko taldea da Baietz, emakumeek sortutakoa.
Lilatoia prestatzeko entrenatzen egon dira azken asteotan, deialdiak emakume kirolzale guztiei zabalduz, eta etzi Donostian izango dira guztiak, norbere aukeren barruan lehiaz gozatzeko prest.
Oiartzunen ere bada talde bat, Antiju Morik talde feministak urtero dinamizatzen duena. Aurten, urtarrilaren 11z geroztik, astean bitan elkartu dira entrenamenduak egiteko asmoz, eta etzi, Donostiara joango dira Lilatoiaren aldarrikapenak bere egitera.
«Emakumeak ere kirolean bagabiltzala, eta ekintzak kalean egiten ditugula ikustaraztea» da asmoa, Antiju Morik taldeko Inexa Maritxalarrek azaldu duenez, eta horrez gain, «Martxoaren 8a Emakumeen Eguna dela ospatu eta ondo pasatu».
HITZA taldea Lilatoian izango da aurten ere
2010 urteaz geroztik, Hitzak urtero-urtero egin du bat Lilatoiarekin, eta igande honetan ere ez du hutsik egingo. 35 emakumek eman dute izena Hitza taldean, parekidetasunaren aldeko lasterketan euskarazko prentsari ere bultzadatxoa eman asmoz. 09:15ean dute zita, Bulebarreko erlojuan, talde argazkia egin eta elkarrekin lasterketaren irteerarantz abiatzeko.
Irutxuloko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Goierriko Hitza, Urola Kostako Hitza, Busturialdeko Hitza eta Oarso Bidasoko Hitzak antolatu dute taldea, elkarlanean.
Aurten, gainera, argazki lehiaketa ere antolatu dute. Lilatoiko argazkiak hilaren 9a baino lehen lilatoia@hitza.eus postara bidaltzen dituztenen artean sari ederrak zozketatzeko. Izen-abizenak, telefono zenbakia eta partaidearen herria zehaztu behar dira argazkiak bidaltzean.
Zozkatuko diren sariak ezagutzeko bisitatu Hitzaren webguneak.
Lurdes Mariezkurrena: «Emakume askorentzako tranpolina izan da Lilatoia»
Lasterketaren sortzaileetako bat izateaz gain, puntako korrikalaria eta partaide fidela da Mariezkurrena sanjuandarra
Lurdes Mariezkurrenak urtero parte hartzen du Lilatoian; lasterketaren sortzaileetakoa, askotan igo da podiumera
Igandekoa zenbatgarren Lilatoia izango da zuretzat?
Lehen urtetik parte hartu dut, eta 27 urte hauetan, uste dut, pare bat aldiz egin dudala kale, lesioengatik.
Eta askotan podiumera igo ere bai. Zenbatetan?
Ez dakit ziur, baina hamar edo hamabi aldiz bai.
Aurten zein da zure helburua?
Ni beti saiatzen naiz lasterketa hau prestatzen. Normalean astean hirutan korri egiten dut, aire librean kirola egitea gustatzen zaidalako. Baina Lilatoia iristean beti entrenatzen naiz gehiago, lasterketa hau oso berezia delako niretzat.
Zein helbururekin? Gaur egun lasterketa honetan baino ez dut parte hartzen, eta inoiz ez dago jakiterik, baina ni lan ona egitera aterako naiz. Nire aukeren baitan, baina zorrotza izango naiz.
Lilatoia zuretzat lasterketa berezia dela diozu. Zergatik?
Nik betidanik egin izan dut kirola. Antolakuntzan ibili nintzen hastapenetan, orain dela 27 urte, eta niretzako lasterketa oso berezia izan da beti, ziurrenik horregatik.
XX. Lilatoian omendutakoen artean zinen zu. Omenaldi hark zer suposatu zuen zuretzat?
Emakumeentzako lasterketa bat egin nahi genuen. Orain dela 27 urte aldarrikapenak bestelakoak ziren: emakumeak korrika egitera animatu nahi genituen, eta sariak gizonen lasterketetan bezalakoak izatea lortu. Garai hartan soilik ausartenak irteten ziren kalera korri egitera, eta apenas ikusten zen emakumerik korrika egiten. Ez zen orain bezain ohikoa. Omenaldiak suposatu zuen hasierako helburu horiek lortu izanaren aitortza.
Lilatoia oso lasterketa garrantzitsua da gaur egun. Jende askoren aitorpena lortu du, emakume askorentzako tranpolina izan delako kirol jardueran hasteko. Badago jende asko lehiatzera joaten dena eta normalean korri egiten duena, baina bada jende asko sekula korrika egin ez duena, eta taldeka antolatuta lasterketan irteten animatzen dena. Halako esperientzietan hasi eta jende asko harrapatuta geratzen da.Lilatoian hasi eta korri egiten jarraitu dute askok.
Lasterketa antolatzen hasi zinetenean halakorik lortuko zenutela uste zenuten?
Ezta irudikatu ere. 5.000 emakume, 100 irristalari… sekula ez genuen pentsatu halako lasterketa garrantzitsua izatera iritsiko zenik.
Zure ibilbidea beti egon da kirolari lotuta.
Garai batean eskubaloi entrenatzaile aritu nintzen, neskekin. Ondoren, emakumeentzako gimnastika saioak gidatzen hasi nintzen. Gimnasiora joaten sekula ausartuko ez liratekeen emakumeekin egin izan dut lan, eta esango nuke, horiekin egin dudala lanik garrantzitsuena, sekula kirolik egin ez duten horiekin.
Zure ustez kirolak paper garrantzitsua joka dezake emakumeen ahalduntzean?
Erabat konbentzituta nago. Badira emakume asko erretiroa hartu ondoren hasi direnak kirola egiten. Egunero gimnasiora joateko erabakia hartzen duen emakume horrek bere espazioa irabazten du, bere osasuna zaintzen du kirola eginez, baina horrez gain lagunekin dago, eta bestelako harremanak saretzen ditu, bestelakoak egin ahal izateko. Erabaki horiek guztiak lagungarriak dira ahalduntzearen bidean.