Adimen emozionala lantzeko saio tematikoak egingo dituzte gurasoekin apirilean eta maiatzean.
Lizeoko egoitza nagusiko liburutegia, gurasoz beteta, atzoko saioan
Hezteko estiloa eta kultur marka hobetu nahian, 2012-2013 ikasturtean adimen emozionalaren aldeko apustuarekin bat egin, eta hurrengo ikasturtean lantzen hasi ziren Pasaia-Lezo Lizeoan, 14 parte hartzailez osatutako programa pilotu baten bitartez: zuzendaritzako kideak, hainbat hezkuntza etapako hezitzaileak, eta garraio nahiz jangelako langileak parte hartzen hasi ziren horretan, zentroaren lehentasunen artean jarriz. Horren balorazioa oso positiboa izan zen Lizeotik esan dutenez, horregatik, hezkuntza komunitateko familietara zabaldu dute egitasmoa. Horren berri emateko batzarrak egiten ari dira aste honetan, lehena atzo.
Orotara, 130 guraso inguruk bat egin dute adimen emozionala lantzeko egitasmoarekin. Atzo, lehen batzarrean, horietako asko hurbildu ziren programaren berri izan eta trebakuntzarekin hasteko. Gurasoen bigarren bilkura bihar (asteazkena, 17:15ean, Lizeoaren egoitza nagusiko liburutegian) izango da. Gurasoen aurretik, bi urtez egon dira Lizeo barruan formazioa jasotzen.
LKS Aholkularitzako kideek gidatuko dituzte adimen emozionalean trebatzeko saioak. Izan ere, aste honetako aurkezpenen ondoren, apirilaren 18 eta 19an (euskaraz eta gazteleraz hurrenez hurren), maiatzaren 2 eta 4an, eta maiatzaren 16 eta 18an egingo dituzte saio tematikoak, egun bakoitzean gai zehatz bat landuz.