Mundu osoko emakumeak kalera aterako dira Martxoaren 8an. Oraindik aldarrikapenak egiten jarraitzen dute, parekidetasuna lortze aldera
Oraindik gizonena izaten jarraitzen duen espazio publikoa bereganatuko dute mundu guztiko andreek Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Egun batez — eta urteko 365 egunetara zabaltzeko asmoarekin— kalea emakumeena izango da, eta hori erakutsiko dute mundu guztiko emakumeek festa eta aldarrikapen moduan.
1857an New Yorkeko ehungintzako langileek egin bezala, ia 160 urte beranduago ere kaleak hartzea beharrezkoa izaten jarraitzen du, gizarte patriarkatua alboratu eta berdintasunaren aldeko beste gizarte bat defendatzeko, urtean zehar egiten den lana berresteko.
Orduko emakumeek soldatak parekatzea eta umeei bularra emateko denbora aldarrikatzen zuten, besteak beste. Egun ere, aldarrikapen horiek, beste batzuekin batera, indarrean jarraitzen dute, oraindik ere gizonek botere ahalmen handia dutelako emakumeek baino, eta familia eta lana uztartzea oraindik emakumeen gaia izaten jarraitzen duelako eta askori nahikoa buruhauste ematen dielako.
Hitzak sei emakumeren ahotsak bildu ditu, bakoitzak bere arloan duen esperientzia eta aldarrikapenak jakiteko.
Oarso Bidasoko ekitaldiak
Aldarrikapen horiek ere ikusaraziko dira Oarso Bidasoan Martxoaren 8an. Izan ere, manifestazio eta elkarretaratze deialdiak egin dituzte bi eskualdeetan. Oarsoaldeko Mugimendu feministak deituta, 19:30ean eskualdeko manifestazioa egingo dute, Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegitik aterata. Aurretik, ekintzak egingo dituzte Pasaia nahiz Oiartzunen.
Bidasoan, berriz, Irunen, elkarretaratzea egingo dute 12:00etatik aurrera, Zabaltza plazan
Askotariko jatorri, lanbide edo jardunetan diharduten sei emakumeren erantzunak, beheko galderei.
1. Martxoak 8. Ospatzeko edo aldarrikatzeko eguna da?
2. Zure arloan, zein aldarrikapen dituzte emakumeek?
3. Emakume izateagatik, diskriminatuta sentitu al zara zure lanean edo jardunean? Bestelako arazorik izan al duzu?
4. Zer egiten duzu parekidetasunaren alde?
«Emakumeek ez dute lanbide honekin kontatzen»
Maripi Lasagabaste, CAFeko langilea
1. Bi gauzak. Ospatu behar dugu lortu duguna, baina era berean, salatzen jarraitu behar dugu.
2. Hormak irauli behar ditugu, eta hori gure esku dago dena. Gure jarrera da garrantzitsuena, erraza da errua kanpora botatzea. Lehenengo emakumearen alde hitz egin behar dugu, eta emakumeok ere aldatu behar dugu txipa, eta animatu industrian sartzera. Emakumeek ez dute lan onekin kontatzen, beste arlo batzuetara jotzen dute.
3. Ez. CAFen oso ondo nago. Baina horretaz jabetzeko beti grano bat aurkitu behar duzu, une jakin batean izan zen, eta gaizki zegoen gizon batekin. Ez daukate ohitura emakumeekin lan egiteko, eta agian hori falta zaie. Nire kasuan, elektrizitate arloan lan egiten nuenean tailerrean emakume bakarra nintzen. Neska gehiago ikustea falta zaigu.
4. Saiatzen naiz garbi hitz egiten, eta zerbait arraroa ikusten dudanean esaten. Gainera, batzuetan emakumeak gara okerrenak, jarrera matxistak ez baitituzte gizonek soilik.
«Inkonszienteki guk ere patriarkatua barneratuta daukagu»
Udane Migeltorena, Harremantxoko kidea
1. Nik uste dut bietarako eguna dela. ‘Jaiak bai borroka ere bai’ leloa aintzat hartuta hortik joko nuke, ospatzeko arrazoiak baditugu, urteko beste egunetan ere, baina egun hau uste dut aprobetxatu behar dugula ospatzeko eta daukagun guzti hori aldarrikatzeko ere emakume bezala egun bat non denak bilduko garen, non ondo pasako dugun, baina ditugun eskubide guzti horiek eta urratzen zaizkigunak aterako ditugun.
2. Emakume izate hutsagatik ukatzen zaizkigun eskubide guzti horiek lortzea, erakustea indarkeria pairatzen dugula, eta gazte izatetik ere lantzea.
3. Garai batean praktiketan aritu nintzenean nabaritu nuen emakume izateagatik leku batzuetan mutil batekin joan eta hari begiratzen ziotela, hari zuzentzen zitzaizkiola, ni nintzenean berez ahotsa neukana. Hori emakume izateagatik eta gazte izateagatik gertatzen zela argi dut.
4. Askotan nahi baino gutxiago, inkonszienteki guk ere mikromatxismo edo patriarkatua ere barneratua daukagun zerbait delako. Guk ere jokatzen dugu betiko rol horien barruan. Gauza txiki guztietan pentsatuz eta momentu batzuetan horiek aldatuz, txorakeriak badira ere, ingurukoei esanez eta aldarrikatzen asko lortzea dago.
«Irakasleek paper garrantzitsua dugu inguruan ditugunak jabearazteko»
Enara Zubeldia, AEK-ko irakaslea
1. Aldarrikatzeko. Zoritxarrez, gorriz markatuta dauden egun hauek normaldu ez diren egoerak direlako, gure kasuan ez ditugulako edonon eta edonoiz dagozkigun eskubideak bermatuta.
2. AEK-ko plan estrategikoan sartuta daukagu berdintasuna bermatzeko puntua. Nire ustez, garrantzitsuena da erakunde nahiz maila pertsonalean hausnarketa egitea. Gero, horiek zuzentzeko bideak jartzea. Irungo AEKn, gainera, emakumeak gara gehienak, eta berdintasunaren aldeko borrokan aritzen garenak. Irakasleek paper garrantzitsua dugu inguruan ditugunak jabearazi eta uste okerrak. Materialean ere eskubide guztiak bermatu behar ditugu, horien artean, berdintasuna. Hizkera zaindu behar da aldi berean.
3. Kontziente naizela, behintzat, ez. Adibidez, alardearen gaia atera izan denean ikasleekin komentario matxistak entzun behar izan ditugu, beti dago norbait txiste txororen bat egiten duena, baina langile gisa jazarpen edo bestelako itsuskeriarik ez dut gogoan.
4. Egunerokotasunean nire printzipioei jarraituta lan egiten dut. Beti ikasten, hausnartzen, hanka sartzeak zuzentzen aritzen naiz. Oso barneratua daukat emakumeen eskubideak gizonen adinakoak direla, eta horren arabera jokatzen dut, eta jokarazten saiatzen naiz. Alegia, ondokoak komentario matxistaren bat egiten badu edo ukitu matxistako txiste bat kontatzen badu ez diot barrerik egiten. Horrez gain, elkarretaratzera joaten ere saiatzen naiz, presentzia publikoa ere bermatzen saiatzen naiz.
«Saiatzen naiz aldarrikatzen emakumeen ahotsa eta presentzia»
Garazi Lopez de Etxezarreta, Politikaria
1. Aldarrikatzeko.
2. Politikariek egin behar dugun lan nagusia da mugimendu feministak egiten duen aldarri horri segida eman. Gizarteak kalera atera behar du, eta horretarako deia egin behar dugu.
3. Ez, edo ez naiz kontziente izan. Hori ikusi beharko litzateke beste arlo batzuetan. Kultura, euskara, hezkuntza, berdintasuna, ni aritu naizen arloak nahiko feminizatuta daude, eta horrenbestez, ez dut emakume izateagatik jarrera desegokirik izan. Orain arte batik bat gizonenak izan diren arloetan agian beste gauza batekin aurki gintezke.
4. Duela bost urte inguru, Berdintasun zinegotzi izatera pasatu nintzenean, betaurreko moreak jartzeko aukera hartu nuen. Egia da egunerokotasunean saiatzen naizela etengabe aldarrikatzen emakumeen ahotsa eta presentzia. Hori da prozesu pertsonal bat egiten duzulako, eta bat-batean jabetzen zara betaurreko horiek jarrita dituzula, hasi hizkuntza sexistatik eta beste edozein arloraino, emakumeak ikustarazteko beharraz jabetu naiz.
«Egoera hobetzen ari da, baina oraindik asko falta da»
Garazi Beloki, Dantzaria, aktorea eta modeloa
1. Aldarrikatzeko eguna. Berdintasunera iristeko bidean aldarrikatzeko arrazoi asko daudelako. Egoera hobetzen ari da, baina oraindik asko falta da. Ospatzeko ez dago asko, oraindik berdintasuna lortu ez denean.
2. Publizitate arloan asko ibiltzen naiz. Iragarki bakoitzak gauza bat kontatzen du, eta nire ustez, publizitate arloa oso atzeratua dago. Adibidez, ikus dezakegu lixiben iragarki bat eta beti emakume bat izaten da protagonista. Edo auto handi baten iragarkian beti agertzen da mutil bat (ez badute saldu nahi auto txiki bat, kasu horretan emakumeei bideratuta dagoenez, emakumea izaten da protagonista), eta emakumea beti kopiloto. Zinema munduan film gehienetan protagonistak, oro har, mutilak izaten dira, eta emakumeak bigarren mailan egoten dira, nahiz eta film batzuetan emakumeak ere badiren. Dantza arloan, gehienak emakumeak izaten gara, eta mundu horretan ez dut arazorik ikusi.
3. Jarrera matxistak batik bat egunerokotasunean ikusten ditut. Mikromatxismoa deitzen zaio, baina azken finean matxismoa da. Adibidez, kalera ateratzen naizenean, eta batez ere Bartzelonan gertatzen zait, kasting baterako prestatzen naizenean, makillatuta eta abar, topatzen naiz mutilekin txakur bat izango bazina bezala deitzen dizutenak edo zerbait esaten dizutenak. Zergatik pasatu behar du emakume batek mutil talde baten ondotik, eta jasan behar du hori eta burua jaitsi eta ez du ezer esan behar? Nik horri buelta eman nion. Hasi nintzen zerbait esaten zidaten bakoitzean buelta eman, gizonarengana hurbildu, begietara begiratu eta esaten: ‘Barkatu, baina txakur aurpegia ikusten didazu?’. Orduan gizonak egiten duen lehen gauza da begirada kentzea, badaki gaizki egin duela, eta lotsatu egiten da. Gauza da beraiek egiten jarraituko dutela, emakumeok ez diegulako ezer esaten, edo paso egiten dugulako. Eta ez. Hurrengoan berdina egingo du.
4. Jendearekin gaiari buruz bai hitz egiten dut, baina Bartzelonan ez dut hainbeste lantzen. Euskal Herriarekin alderatuta, hemen elkarretaratzeak-eta gutxi egiten dira.
«Emakumeon eguna da, eta lan egin beharra dugu ikusgarri egiteko »
Fatima Zidan Urratsa elkarteko kidea
1. Zalantzarik gabe aldarrikapenerako eguna da, borrokatzeko da. Gure eguna da, emakumeona, eta lan egin behar dugu ikusgarri egiteko gure egoera, eta gu geu.
2. Berdintasuna eskatzen dut, arlo guztietan, martxoaren 8an eta baita urteko beste egunetan ere. Berdintasuna eskatzen dut.
3. Bai, diskriminatuta sentitu izan naiz emakume izateagatik eta baita beste kultura bat izateagatik. Ikastaroa egin nuen kutxazain izateko, eta primeran amaitu nuen, lana izango nuela, lortuko nuela pentsatu nuen. Supermerkatuko arduradunak nire argazkia ikusi eta beloa neramala ikusi zuenean, atzera egin zuen eta lan egiteko aukerarik gabe gelditu nintzen arrazoi horregatik. Beste elkarrizketaren batean ere eskatu izan didate beloa kentzeko.
4. Urratsa elkarteko kidea naiz eta astean behin biltzen gara emakume musulmanak Kaputxinoetako auzo elkartean. Lanean ari gara jendarteari mezu argia bidaltzeko asmoarekin, hau da, emakumeak garela eta edozein lanerako gaitasuna dugula.