Oarsoaldean erabakitzeko eskubidearen gaineko galdeketa noiz egingo den aztertuko du Lezoko Gure Esku Dago taldeak
Lezoko Gure Esku Dago-ren agerraldi bat
Bihar (asteartea), 19:00etan eta Kultura Aretoan, Lezoko Gure Esku Dago-k (GED) batzarrera deitu ditu herritarrak. Gaia, zehatza: eskualdez eskualde, udazken honetatik hasita, erabakitzeko eskubidearen gaineko herri galdeketak antolatuko dituzte Euskal Herrian, eta horri buruz hitz egiteko da, batik bat, batzarraldia.
Hilaren 20an (igandean), 12:00etan eta Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan, agerraldia egingo dute Oarsoaldeko Gure Esku Dago taldeetako kideek, Oarsoaldean galdeketa hori noiz egin asmo dagoen jakinarazteko, “bere historia eta aniztasun politikoagatik ikasgai garrantzitsu bat eman dezake Oiartzualdeak galdeketa arrakastatsu bat antolatuz gero”. Herriz herri lantzen ari dira hori, eta bihar Lezoren txanda da.
Lezoko GEDren ustez, erabakitzeko eskubidea, “ukatua izan arren”, herritarrek defendatu behar dute, “eta gauzatuko dugu. Hurrengo urteetan herri hau bere etorkizuna erabakitzera doa. Lezon ere eman dezagun pausoa, zuzentasunez, zabaltasunez, eta gehiengoa mobilizatuz”.