Ikasle holandarrak Loiun lurreratu berri
Herbehereetako 21 ikasle daude Lizeoko Batxilergoko lehenengo mailako beste hainbeste ikasleen etxeetan. Ostegunera arte egongo dira Pasaian, Pasaia-Lezo Lizeoak Roermond hiriko Bisschoppelijk College Broekhin institutuarekin elkarlanean antolaturiko eskola trukearen barruan. Otsailean Roermonden izan ziren Lizeoko ikasleak, eta orduan egindako bisita itzuliko diete orain herbeheretarrek.
Lehengo ostegunaz geroztik daude Pasaian ikasle atzerritarrak, eta ordutik hamaika jarduera egin dituzte: Donostia eta Bilbo ezagutzeko aukera izan dute, euskara eta Euskal Herriari buruzko eskolak jaso dituzte Lizeoko ikasleen eskutik eta Donibanen topaketa gastronomiko batez gozatzeko aukera ere izan dute. Aste honetan, berriz, Olite eta Iruñea ezagutuko dituzte, eta Albaola Itsas Kultur Faktoria zein Donostiako Tabakalera ere bisitatuko dituzte.
Etzi, halaber, kultur jaialdia izango dute eta ikasle herbeheretarrek haien kultura, hizkuntza eta ohiturei buruzko saioa eskainiko diete trukean parte hartzen ari diren ikasle eta sendi euskaldunei.
Eskola trukea irauten duen bitartean, ikasleen egunerokoa irakurri ahal izango da
proiektuaren blogean, ikasleek idatzitako kronikekin.