Lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur udalarekin, 50. urteurreneko ospakizunen harira
Bovedako begiraleak, gaur, udaletxean Izaskun Gomez alkatearekin hitzarmena sinatzeko unean
3.000 euro emango dizkio Pasaiako Udalak Trintxerpeko
Boveda Aisialdi Taldeari 50. urteurrena ospatzeko. Gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena, Arizabalo jauregian, Izaskun Gomez alkateak eta Boveda elkarteko buru Sthephanie Polok.
Boveda Gazte Elkartea Gipuzkoako aisialdi talderik zaharrena da, eta Euskal Herriko zaharrenetarikoa. Belaunaldiz belaunaldi txintxerpetarrak gai izan dira gazte pasaitarrak elkartera biltzeko eta Trintxerpeko haur eta nerabeekin lanean aritzeko.
Trintxerpen erreferente historiko garrantzitsua da taldea. Trintxerpetar asko eta asko ibili da txikitan aisialdi taldean.
Parrokiaren babesean
Taldea 1966an sortu zen, Karmengo Amaren parrokian, eta gaur egun oraindik bertan dirau, elizaren etxabeetan. Gaur egun 120 haur eta nerabe baino gehiagok parte hartzen dute taldeak asteburuetan egiten dituen jardueretan.
Barrutiko jaietan eta kultur arloan ere eragile garrantzitsua da Boveda. Gabonak, herriko jaiak, Santomas… jai ugari antolatzen dituzte urtero, baina bereziki Inauterietan nabarmentzen dira, konpartsa eta karroza ikusgarriekin parte hartzen dutelako urtero, bai Trintxerpeko eta bai Donostiako inauterietan. Sari asko lortu dituzte.
Ospetsua da ere urtero-urtero uda partean antolatzen duten kanpaldia, gurasoen ezinbesteko laguntzaz.