Zarata mapa egingo du udalak
Lanei dagokienean bost hilabetean egingo ditu enpresak eta azterlanak egiteko garaian herritarren parte hartzea izango du kontuan.
Errenteriaren zarata mapa, ekintza plana eta zaratari buruzko udal ordenantza egin nahi ditu udalak. Errenteriako Udalaren zarata eta bibrazioen gaineko ordenantza 1987koa da eta egungo araudiari egokitu behar zaiola jakinarazi dute. Herriko zarataren mailan hobekuntzak lortzeko lanak ACC Centro de Acustica Aplicada enpresak egingo ditu, eta 41 mila euroko diru zatia izango dute.
Lanei dagokienean bost hilabetean egingo ditu enpresak eta azterlanak egiteko garaian herritarren parte hartzea izango du kontuan. Zarata maparen azterlana egingo dute lehenik eta lan horren emaitzak herritarrei aurkeztuko zaizkie, “auzo elkarteekin bilerak egingo ditugu horretarako”. Bilera horietan herritarren kezkak eta arazoak jasoko dituzte eta jasotako horiekin prestatuko dute ekintza planaren proposamena. Ingurumen Aholku kontseiluak eta Ingurumen Batzordeak ere izango dutela ekarpenak egiteko aukera esan dute udaletik. Ekintza planaren azken proposamena, zarata mapa bezala, herritarrei aurkeztuko zaie foro berak erabilita.