Martxoak 17an altxatuko naiz! lemapean Oarsoaldeko hamarnaka ikaslek hartu dituzte Errenteria-Oreretako kaleak gaur eguerdian gazteek bizi duten prekarietatea zein hezkuntzan ezartzen ari diren erreformak salatzeko.
Mobilizazioaren bukaerako irudia
Martxoak 17an altxatuko naiz! lemapean Oarsoaldeko hamarnaka ikaslek hartu dituzte Errenteria-Oreretako kaleak gaur eguerdian, gazteek bizi duten prekarietatea zein hezkuntzan ezartzen ari diren erreformak salatzeko. Hezkuntza eredu euskaldun, justu eta parekidearen alde egin dute eta inposaketarik ez dutela onartuko ozen esan.
Manifestazioa 12:00etan abiatu da Herriko plazatik eta herriko kaleak zeharkatuta, hasierako puntuan amaitu da. Ikasle Abertzaleakeko kideek irakurketa egin dute bertan, eta gogor salatu dituzte EU2015, 3+2a, LOMCE eta Heziberri, “ikasleon hitza ez duelako kontuan hartzen. Unibertsitateko sarbideak zaildu egiten dituzte, tasa geroz eta altuagoak ezartzen dituzte, goi mailako ikasketak gutxi batzuentzako luxu bilakatuz”.
Heziberri planaren harira aurten LH 3. eta 6. mailan errebalidak egingo dituztela eta hurrengo urtean berriz, DBH4 Batxilergoko 2. mailako ikasleen txanda izango dela esan dute, bestalde eta azterketa horien bidez urte osoan ikasitakoa “korrika eta presaka prestatutako azterketa bakar batean jokatuko” dutela gaineratu dute.
Erreforma “elitistak” dira beraien ustez, eta indarrean dagoen hezkuntza eredua “arrotzari” aurre egitera deitu dute, “gure hizkuntza desagerrarazi nahi duelako, eta jarrera matxistetan oinarritu eta horiek bultzatzen dituelako”. Ikasleek badutela zer esana gaineratu dute, “eraldaketa posible dela erakutsi dugu eta erreformei planto egin, eta eraikuntzara jauzia egin dugu. Ez badigute ametsik egiten uzten, ez diegu lorik egiten utziko”.