Emakumeek diote
Mariasun Landa Sarietako eta Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketako saridunak ezagutarazi dituzte azken egunotan; parekidetasunaren aldarriaren bueltan antolatutako bi lehiaketek harrera ona izan dute
Nerea Sarriegi : «Asko kezkatzen nau jakiteak hau zergatik gertatzen den»
Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketako lehen saria irabazi duzu. Sorpresa hartu duzu? Bai, niretzako izugarrizko sorpresa izan da. Lehen aldiz aurkeztu naiz lehiaketa batera, amak bultzatuta. Betidanik idatzi izan dut, baina inolaz ere ez nuen prentsatzen ni izango nintzenik irabazlea. Deitu zidatenean kristoren sorpresa hartu nuen, eta oso eskertuta nago, oso pozik. Txingudi Anti Sexistak antolatzen du lehiaketa. Sariak baditu bere berezitasunak. Zergatik hautatu zenuen lehiaketa hau eta ez beste bat? Kausak, zalantzarik ez, asko motibatzen nau. Beste elkarrizketa batean ere aipatu nuen, unibertsitateko lanetan ere, gaia librea den aldiro, beti gai hauek hautatzen ditudala. Asko kezkatzen nau jakiteak hau zergatik gertatzen den. Lehiaketa gai honen inguruan zela jakin nuenean erabaki nuen idaztea. Nire lehen lehiaketa izateko ezin aproposagoa zela iruditu zitzaidan. Beraz, lehiaketarako propio sortu zenuen ipuina? Baldintza bat da ipuina lehengo urtean irabazi zuen ipuinaren azken bi hitzekin hastea. Kasu honetan ‘lortu du’ hitzekin. Niretzako, bi hitz horiek, muga bat baino, abantaila bat izan ziren. Nire ipuinaren titulua ere hori da, Zeinek lortu du? Lehiaketarako idatzi nuen, bi hitz horietatik abiatuta. Zer mezu helarazi nahi izan duzu zure lanaren bidez? Nik indarkeria egoera bat sortu nahi nuen, baina zehazki aipatu gabe. Ez dut esaten, eta ez da igartzen oso ondo zeinek kontatzen duen. Ikusten dena da alaba bat bere amaren historia kontatzen ari dela. Orri bakarrean kontatu behar zenez istorioa, ezin nuen gauza askorik esan, baina ikusten denez lortu dut nahi nuena transmititzea. Izan ere, ipuin motzek bere berezitasunak dituzte, baita sortzailearentzako zailtasunak ere. Zu nola moldatzen zara horietan? Bada, egia esan, lehen aldiz egin dut halako bat. Normalean gauza luzeagoak idatzi izan ditut, eta beldur nintzen, gauzak kentzen ibili nintzelako, behin eta berriz orrazten, baina azkenean, begira… Orain arte atletismoan nabarmendu izan zara literaturan baino gehiago. Bai. Super Amara BAT taldeko atleta naiz, Irun eta Hondarribiko kluba da, eta 1.500 metro eta 800 metrotan korri egiten dut. Ibon Muñoz da nire entrenatzailea. Sari dezentekoak lortu dituzu orain ez asko, ezta? Aurten, pista estaliko denboraldian, Espainiako Txapelketan egon naiz, 23 urtez azpikoetan, Promesen Mailan. Finalerako sailkatu eta laugarren izan nintzen. Espainiako Txapelketa Absolutoan ere parte hartu dut aurten, Elite Mailako jendearekin, eta finalaurrekoetan kanporatu ninduten. Hala ere, oso pozik. Ez nuen espero halakorik lortzea. Haurrak entrenatzen ere aritzen zara. Bai, Hondarribiko haurrak entrenatzen ditut, 8-9 urteko benjaminak, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxetakoak. Atletismoa gustuko duzula argi dago, baina, akaso, Asun Casasola lehiaketan lortutako sariak beste bide bat zabalduko du zuretzat, hala? Bai. Niri asko gustatzen zait idaztea eta komunikazioa ikasten ari naizenez, oso ondo lotzen dira bi gauzak, eta ia derrigortuta ere banago idazten jarraitzera. Baina bai, gogoz jarraituko dut idazten. Baduzu beste proiekturen bat esku artean? Ez, orain ez. Kirolak kentzen dit denbora gehien, eta unibertsitateko ikasketek ere bai. Korrika ibiltzen naiz egun osoan, bi zentzutan, korrika entrenamenduetan eta korrika nire bizitzan. Ahal dudan bezala moldatzen naiz. Baina idazten jarraituko dut, hori ziur. Gainera, saria euskaraz irabazi izanak ere ilusio berezia egin dit, orain arte gauza gehienak gaztelaniaz idatzi ditudalako. Eta hori zergatik? Irakurri ere gaztelaniaz irakurtzen dudalako. Normalean euskarazko liburuekin arazo bat dut. Iruditzen zait hor jartzen den hizkuntza ez dela guk egiten duguna. Akaso itzulpenak direlako izango da. Euskaraz oso liburu onak irakurri ditut ere, baina joera hori dut, normalean bai. Idaztea maite duten gehientsuenak irakurle porrokatuak ere izaten dira ia beti. Hala al da zure kasuan ere? Bolada batean utzi nion irakurtzeri, baina berriz ere ari naiz. Orain Mil soles esplendidos irakurtzen ari naiz, eta eleberria horretan ere emakumea da protagonista.Nerea Sarriegiren ipuina “Zeinek lortuko du?”
Lortu du. Ezkutatu da, gaur ere, itzalen atzean. Eskuak garbitu, korbata jantzi, kolonia bota, zapatak lotu eta kalera irten. Leihotik ikusten dut ataritik ateratzen. Bizilaguna topatu du, eta betiko irribarre zintzoarekin agurtu du. Honek erantzun, emazte eta alabarengatik galdetuz. “Dena ondo”, eguneroko gisan. Urruntzen den heinean lasaitasuna berpizten da etxean, logelako irratiaren bolumenak gora egiten duen bitartean. Irratia amak erabiltzen duen tresna da, entzun ez diezaiodan. Baina badaki jada entzun behar ez nituen gauza gehiegi entzun ditudala. Gaur ere lortu du. Amorruz beteriko hitzen artean logelako irratia apurtu du eta, horrekin, amaren munduko ihesbidea. Atea itxi duenean, bizitzan lehen aldiz entzun dut erabateko isiltasuna etxean. Eta orduan jabetu naiz amak irratia pizteko duen obsesioak ezkutatzen duenaz. Mina ekiditeko bidea da, baztertzeko, lausotzeko eta ia ezabatzeko. Zenbaitetan, isiltasunak hitzek baino min handiagoa eragin dezake. Gaurkoan ezberdina izan da. Logelatik entzun dut oihuka, amari gosaria egiteko eta arropa prestatzeko agintzen. Baina altxa denean, ez zegoen amaren arrastorik. Inoiz baino suminduago, etxetik irten da lanerako bidean. Ordubetera ama iritsi da, irrifarrez, irrati berriarekin. Piztu egin du, eskutik heldu nau eta dantzan hasi da. Ulertzen ez dudan disdira berezia du begietan. Baina ulertu dut ez dudala azalpenik behar. Gaur tinbrea jo dute. Aitak ireki du atea, amak logelako atetik irrifar erdiz begiratzen duen bitartean. Bi gizonek eraman dute aita, bakoitzak beso batetik helduz. Atea itxi denean amak irratiaren bolumena igo du. Gaur, berak lortu du. Ausartu da. Bukatu da.