Lezoko udalbatzarrak Kepa Garbizuk ostiralean aurkeztutako dimisioa onartu, eta Noemi Arberasek hartu du behin-behinean alkate kargua. EAJren barruko gatazkek eragin dute aldaketa.
EAJ eta EH Bilduren akordio batekin hasi zen gatazka. Atzo elkar besarkatu zuten berriro.
Kepa Garbizuren nahia bete egin zen. Lezoko zinegotziek haren dimisio eskaria onartu egin zuten atzoko ez ohiko udalbatzarrean. Ez da jada Lezoko alkate. 37 urtez zinegotzi edo alkate izan eta gero, atzo azken aldiz zapaldu zuen hautetsi modura Lezoko udaletxeko areto nagusia. Ziurrenik, ordea, hark nahi ez bezala joan zen herriko etxearen ate nagusitik, behartuta, EAJren barruan herriko bi indar politiko nagusiek lortutako akordioek eragindako ezinegonak behartuta. Haren ordez, Noemi Arberas iazko maiatzeko udal hauteskundeetan Lezoko EAJren zerrendan bigarrena izango da alkate, jardunean, Kepa Garbizuk hala izendatuta. Hamar lan eguneko epean beste pleno bat egin behar dute zinegotziek, alkate berria izendatzeko.
Hamabi zinegotzi —EH Bilduko bat falta zen—, herritar batzuk eta hedabideetako ordezkariak. Horiek izan ziren atzoko udalbatzarrean gertatukoaren lekuko. Lehen hitza Kepa Garbizuk hartu zuen, hark hasi behar zuen plenoa: «Nire dimisio eskariaren arrazoia da EAJk eta EH Bilduk adostutako hondakinen bilketaren gaineko akordioa ez duela gustuko izan Gipuzko Buru Batzarrak». Garbizuk gaineratu zuen akordio hori, sistema mistoarena, «Lezorako eta lezoarrentzat onena» zela, «eta hori pentsatzen jarraitzen dut. Akordio horretan sinisten dut».
Jada alkate ohiak azaldu zuen kontziente zela hainbat herritar ez daudela ados sistema mistoaren akordioarekin, baina alderdikeriak alde batera utzita egindako akordioa izan zela argudiatu zuen: «Herriaren hobebeharrez hartutakoa da. Horrenbestez, kargua alderdiaren eskura uztea erabaki, eta joan den ostiralean udal erregistroan aurkeztutako dimisioa era formalean aurkeztu dut udalbatzarreko kideen aurrean».
EAJko zinegotzien artean aurpegi goibelak ziren nagusi. Horien artetik adierazpenak egiten bakarra Xubero Ubillos izan zen: «Pena da. Pena handia da».
Herritar batek ere bere iritzia eman zuen: «Goi mailako jende horrena [GBBri erreferentzia eginez] onartezina da. Herriak erabaki duenaren kontra egitea lotsagarria da».
EH Bilduren hitzak
Ainhoa Zabalok EH Bilduren iritzia plazaratu zuen atzoko bilkuran. Esan zuen hasieratik EAJrekin elkarlanaren bidea hartzeko konpromisoa hartu zuela koalizioak, herriarentzat interesezkoak ziren gaietan kontsentsua lortzeko. «Lanerako prest egon gara», onartu zuen, «eta hainbat gaitan proposamen asko elkarrekin landu eta onartu ditugu. Alderdikeriak alde batera utzi ditugu, herriarentzat onena zena lehenesten ahalegindu gara. Onena desio dizugu, Kepa, zure ibilbide berri honetan».
Koaliziokide Mikel Arrutik Zabaloren ildo beretik egin zuen bere interbentzioa, eta «herriaren kontra egiten zutenean» alderdien interesak alde batera uzten jakin dutela adierazi zuen atzo: «Denek zerbait albo batera utzi behar izan dugu herriaren interesak lehenesteko. Pena da 37 urteko ibilbidea horrela utzi behar izatea, Kepa». Bide horretan, harreman pertsonala garrantzitsua izan dela esan zuen Arrutik: «Oso ona izan da».
«Alfonbra» Lezo Garbiari
Orain astebete, joan den ostiralean, aurkeztu zuen dimisiorako idatzia udal erregistroan Garbizuk. Astelehenean Hitzarekin hitz egin zuen alkate ohiak.
Bere dimisioak ez zuela soilik harremana Lezoko EAJk eta EH Bilduk hondakinen bilketaren gainean egindako akordioarekin esan zuen orduan. Baina akordio hori ez dela Gipuzko Buru Batzarraren (GBB) gustuko aitortu zuen: «Luzeagoa da kontua, eta hondakinen gaian lortutako akordioak eragina izan duela ukatu gabe, bestelako arrazoiak ere izan dira. GBBn halako diferentziak sortu dira, edo hobe esanda, sortu ditut, eta horren harira dator nire erabakia».
Harago joan zen Garbizu eta bere ustez — «nire uste apalean»—, GBBk «hanka sartzeak» egin ditu, «Lezo Garbia plataformari kasu egin diolako, eta egindako horietako batzuekin ni ez nintzen konforme. Alfonbra gorria jarri dio GBBk Lezo Garbia plataformari, nolabait. Plataforma horrek presioa eragin duela zalantzarik ez dugu».
Hondakinen bilketa moduan lortutako akordioak ezinegona sortu badu GBBren barruan, horri eusteko desioa azaldu zuen Garbizuk atzoko plenoaren aurretik ere: «Bere horretan jarraituko du eta ez du aldaketarik izango. Izan ere, Lezoko EAJren batzarrak hala erabaki du. GBBk gustuko izan dezake edo ez, baina erabaki hori hartzeko organu konpetentea Lezoko batzarra da eta azken horrek hala erabaki du».
Garbizuk dimisioa aurkeztu bezain pronto eman zien horren berri taldekideei, eta aste honetan zehar hainbat bilera egin dituzte Lezoko alderdi jeltzaleko zinegotziek egoerari irtenbidea aurkitu nahian. Astelehen goizean egin zuten lehena eta atzo goizean, plenoaren aurretik, azkena.
Gatazkatik ateratzea xede
Garbizuk esan bezala, dimisioaren arrazoi nagusia da hondakinen bilketan sistema mistoa jartzeko EH Bildurekin lortutako akordioa lortzea. Bi hilabete eman zituzten udalbatzako bi talde politiko nagusiek —ordezkarien %92,3 dira— negoziatzen. Euren helburua hondakinak jasotzeko sistema zein den «gatazka politikotik ateratzea» izan zen, «akordio politikoetara iristeko». Ariketa politiko «interesgarri» bezala definitu zuten hitzarmena, eta bi aldeen artean «sintonia ona» egon zela aitortu zuten jeltzaleek eta koaliziokoek. Beste hainbat gaietan ere —Eusko Jaurlaritzaren Lurraldeko Zatikako Planari jarritako helegitean edo aurrekontuetan— adostasunera iritsi dira.
Sistema mistoa jartzea, gainera, epe luzera begira adostu zuten. Izan ere, 2019ko udal hauteskundeetan, EAJk edo EH Bilduk irabazi, zintzilikarioak eta edukiontziak uztartzen dituen bilketa sistemak bere horretan jarraituko zuela hitz eman zioten elkarri.
Erabaki horrekin herri galdeketa ekidin nahi zuten. Alde batetik, herritarren artean aldeko eta kontrakoen taldeak sor daitezkeelako, eta horrek gatazka gehiago luza dezakeelako. Eta bestetik, herri galdeketaren kostu ekonomikoa beste lehentasun batzuetara bideratu nahi dutelako.
Horrela, euren indarrak «Lezon dauden lehentasunak eta arazoak konpontzeko» lanera bideratzeko asmoa agertu zuten. Hilabete eskas pasatuta, bare zirudien itsasoan ekaitza sortu da, berriro. Hamar egun daude orain alkate berria izendatzeko.
Alkate berria hautatzeko prozedura
Kepa Garbizuren dimisioa onartuta, hamar eguneko epea zabaldu da orain Lezoko alkate berria hautatzeko. Egun horien barruan deitu beharko dute beste pleno bat, eta bertan, alderdi guztiek aurkeztuko dute hautagaia.
Lehenengo errondan hautagairen batek zazpi aldeko bozka jasotzen baditu, gehiengo osoaren babesa, hura izango da alkate. Ez bada hala gertatzen, bozka gehien jaso dituen alderdiko hautagaiak hartuko du alkatetza.
Bitarte horretan alkateordeak jardunean alkate lanak egingo ditu. Noemi Arberas, EAJren zerrendako bigarrena da alkateorde, eta berak hartuko du behin-behinean, eta egoera argitu arte, lan hori.
Egibar: «EAJ hauteskundeetara kontsultaren kontsignarekin joan zen»
Gipuzko Buru Batzarreko buruak gezurtatu du presioak egin izana. Lezo Garbiak bere jarrera datozen egunetan argituko du, eta PSE-EEk gaur egingo du balorazioa
Kepa Garbizu alkatearen dimisioak hainbat erreakzio sortu dituen arren, gaiari buruz zerbait esateko dutenek ez dute adierazpenik egin.
Horrela, Lezo Garbia plataformako kide batekin jarri zen harremanetan
Hitza. Ez zuen adierazpenik egin nahi izan, taldea bildu, gaia aztertu eta denen artean erabaki bat hartu arte itxarongo baitutelako. Beraz, pentsa daiteke datozen asteetan alkatearen dimisioaren gainean duten jarrera ezagutaraziko dutela. Hala ere, gaiak oraindik «denbora asko» behar duela jakinarazi dute.
Gipuzko Buru Batzarrarekin ere jarri da harremanetan
Hitza. Ez dute adierazpenik egin nahi izan. EAJren Gipuzkoako exekutibako presidente den Joseba Egibar, baina, astearte gauean elkarrizketatu zuten ETB1eko Azpimarra+ saioan.
Maddalen Iriarte aurkezleak Lezoko alkatearen dimisioari buruz galdetu zionean, dimisioa «erabaki pertsonala» izan zela, eta inork ez ziola kargua uztea iradoki erantzun zuen.
«Gu hauteskundeetara zaborren inguruko kontsigna batekin aurkeztu ginen», esan zuen Egibarrek. «Herri galdeketa bat egingo genuela», zehaztu zuen herrialdeko jeltzaleen buruak.
«Eta hauteskundeak irabazi genituen, promesa horrekin. Baina orain prozesu batean sartu dira negoziatzen, eta akordio batera iritsi dira», gaineratu zuen. Horregatik, bere iritziz, «atez ateko sistemaren kontra dagoen plataformak iruzur bezala hartu du eta haserretu egin dira».
Horrek Lezoko EAJren barruan «eztabaidak» sortu dituela azaleratu zuen, eta egoeraren konponbidea herri galdeketan dagoela esan zuen Egibarrek: «Aukeratu behar da edukiontziak, sistema mistoa edo atez atekoa nahi den. Herriak erabaki dezala, eta gero guk gure arazoak gure etxe barruan garbituko ditugu».
PSE-EE, galdeketaren alde
Alderdi sozialistak zinegotzi bakarra du Lezon, Jose Angel Sanchez. Udal gobernu taldearen parte da, eta hirugarren alkateordea. Alderdi sozialistak gaur 11:00etan egingo du agerraldia Lezoko Udalean sortu den egoera berriari buruzko balorazioa egiteko.
Gainontzekoan, hondakinen bilketaren gainean EAJ eta EH Bilduk lortu zuten akordioa hasieratik ez du begi onez ikusi zinegotzi sozialistak: «EAJk iruzur politikoa egin die botoa eman ziotenei, eta akordioa ez dute adostu ez Lezo Garbiarekin ez gurekin».
Bere ustez, sistema mistoa «atez ateko apaindua» da, eta hitzarmena aurkeztu bezain pronto honakoa adierazi zuen: « Ez dut ulertzen nola azken lau urteetan hain kudeaketa txarra egin duen alderdi batekin akordioa egin duen EAJk».
Hala ere, beste akordio bat jarri du eredutzat: Villabonakoa. Bere alderdiak, EAJ eta EH Bildurekin batera, txipdun edukiontziak jartzeko hitzarmena sinatu zuten pasa den hilean. Paperaren eta kartoiaren, beiraren, eta plastiko nahiz ontzi arinen edukiontzietan nahi denean utzi ahal izango dira hondakinak Villabonan. Edukiontzi marroiak eta errefusarenak txipa izango dute, egunero erabili ahal izango dira azken bi horiek ere, edozein ordutan. «Bitartean, Lezon atez atekoaren aldeko apustua egiten da», iritzi du. Horregatik, bere ustez udalerri hartakoak «ezbaian» uzte