Talde ekologistek egin asmo zuten sentsibilizazio kanpaina debekatu izana deitoratu du koalizio abertzaleak
Pasaian, gaur egun, bost edukiontzi daude hondakinak bereizteko
Pasaian hondakinen bilketa sistema aldatu zenez geroztik, gobernu taldeak baloraziorik egin ez duelako kexu da EH Bildu. Datuak ezagutu nahiko lituzke koalizio abertzaleak. Aitzitik, gobernu taldeak horiek ezkutatzen dituela salatu dute. “Ez dugu izan aldaketa horrek ekarri duenaren inongo daturik; ez baloraziorik, ez birziklatze edo bereizketa daturik, inpropioen kopururik, ez inolako datu ekonomikorik”, salatu dute.
Ondorio ekonomikoak nabarmendu ditu koalizioak, eta azken hilabeteetako errefusaren gorakadak pasaitarrentzako zein kostu ekonomiko izango duen argitzea eskatu dute.
Bide beretik, mankomunitatean hartutako erabakien ondorioen gaineko kezka agertu dute, eta udal gobernu taldeak aipatu neurri horiek babestu izana deitoratu dute. Salatu dutenez, errauste plantaren kostu ekonomikoa estaltzea helburuz 2016rako tarifak igo dituzte.
Debekua salatu
Testuinguru honetan larria iruditu zaio EH Bilduri talde ekologistek egin asmo zuten
sentsibilizazio kanpaina debekatu izana. Errefusaren edukiontzia hustu eta bereizketa modu egokien egitea zen asmoz, baina udalak ez die baimendu. “Zer beldur dago edukiontzi gris baten barruan dagoena ezagutzera emateko”, galdetu du EH Bilduk.
Koalizio abertzalearen iritziz, udal gobernua “azken urteetan esandako gezur guztiak ezkutatu nahian” ari da. Horrez gain, birziklatzearen eta osasunaren aldeko pankarta eta aldarriak kaleetatik ezabatzen dabiltzala salatu dute.