Astelehenean 19:30ean deitu du Noemi Arberas jarduneko alkateak Lezoko alkate berria izendatzeko udalbatzaren ezohiko bilkura.
Martiarena, eskuinetik lehena, Lezo Garbiaren azken batzarrean.
Astelehenean 19:30ean deitu du Noemi Arberas jarduneko alkateak Lezoko alkate berria izendatzeko udalbatzaren ezohiko bilkura. Hautagaia ere aurkeztu du EAJk, Jesus Maria Martiarena. EAJk azken hauteskundeetan aurkeztutako zerrendan zazpigarrena da Martiarena, eta Kepa Garbizuk utzitako hutsunea betetzeko zinegotzi kargua hartuko du lehenik astelehenean. Ondoren alkatea aukeratuko du udalbatzak. Alderdi politiko bakoitzak aukera izango du alkatetzarako hautagaia aurkezteko, eta lehenengo itzulian zazpi bozka jasotzen dituena izango da alkate. Zazpi boto horiek jaso ezean, hauteskundeetan bozka gehien jasotako alderdiaren hautagaia izango da alkate berria. Hamar egun zituen Arberasek bilkura deitzeko eta bederatzigarrenean egingo du plenoa udalbatzak.
2003 eta 20011. urteen artean zinegotzi izan zen Martiarena. EAJren zerrendan zazpigarrena izateaz gainera, Lezo Garbia plataformako ordezkaria da. Horren bestez, bere izendapenarekin arriskuan egon daiteke joan den otsailean EAJk eta EH Bilduk hondakinen bilketa mistoaren gainean egin zuten akordioa, nahiz eta bere horretan jarraituko zuela esan zuen Garbizuk dimisioa aurkeztu zuenean. EAJren udal taldeak babestu zuen akordio hori, eta astelehenera arte itxaron beharko da jakiteko zein erabaki hartzen duten EAJren gainontzeko zinegotziek.