Euskalgintzaren topagunea bihurtu nahian berrantolaketa egin zuen Lau Haizetarak orain bi urte. Euskararen unibertsora jendea erakartzea dute helburuetako bat.
Perez de San Roman eta Maritxalar
Berrantolaketa prozesua abiatu zuen Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak orain bi urte, eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagune bihurtu. Zein urrats egin dituzue denbora honetan? helburuak bete dira?
Aitzol Perez de San Roman: Anbizio handiko helburuak genituen, Orereta-Errenteriako euskaltzale edo euskalgintzan gabiltzan elkarte eta norbanako guztion topagune eta herriko erreferente izatea. Urte batean edo bitan lortzeko helburu handiak dira horiek, baina bide horretan gabiltza, lanean ari gara hori lortzeko. Helburu horren atzean, gainera, euskararen alde ari garenak elkartu eta gure artean proiektu zehatzez aparte, ideia ezberdinak eta hausnarketak partekatzea ere badago. Sor daitezkeen dinamika berriak martxan jartzea ere bada beste helburua.
Xixilio Maritxalar: Horrekin batera, hainbat muga genituela onartuta, gure ateak zabaldu eta euskararen alde jende gehiago batzea ere izan da Lau Haizetararen berrantolaketaren helburua. Nahikoa indibidualistak gara orokorrean, eta bildu beharrean erreferente ona sortzeko, bakoitza gure aldetik gabiltza. Euskalgintza handitzeko nahia ere badago berrantolaketaren atzean, beraz.
Maila horretan urratsak egiten ari zarete, ezta?
Perez de San Roman: Bai, hala da. Euskararen Eguna antolatu eta indarra eman diogu. Horren harira beste eragileekin harremanak sendotu ditugu: ikastetxeekin, hainbat kirol elkarterekin, udalarekin berarekin. Dinamika ezberdinekin erreferentzia irabazi nahian ari gara, eta gure topagune hau eskaintzen euskalgintzako gainontzeko elkarteei. Bagabiltza, baina badugu bidea egiteko oraindik.
Maritxalar: Euskalgintzan ari direnei soilik ez. Arabiar jatorriko haurrek arabiar eskolak hartzen dituzte euskararen etxe honetan larunbatero. Guk azpiegitura uzten diegu horretarako. Haur horiek beraiek eta euren gurasoek Aiko Maikoren talde berezitu batean hartzen dute parte ondoren. Euskarara hurbiltzeko balio die. Esperientzia aberasgarria dela pentsatzen dugu, bi munduak uztartzeko balio du, eta interesgarria da. Hasi berria da esperientzia hori, eta ikusiko dugu zer ematen duen.
Zergatik da garrantzitsua euskalgintza batuko duen gunea sortzea?
Maritxalar: Hainbat arrazoi daude. Nagusia da, bakoitza helburu zehatz bati begira sortu garela: AEK euskalduntzeko, EHE euskararen kontrako erasoak salatzeko… Beharrezkoa iruditzen zaigu, ordea, hausnarketa orokorrak egin ahal izateko eta inork ukitzen ez dituen eremuak ukitzera iristeko euskalgintza batuko duen gunea sortzea. Gure artean elkarlana egin eta elkar elikatzeko.
Zein elkarterekin ari zarete lanean une honetan?
Perez de San Roman: Hasieratik AEK, EHE eta Oarsoirriak Errenteria-Oreretan taldea ari dira gurekin. EHEk orain gelditua du bere jarduna. Aurten, berriz, harremanak estutu ditugu ikastetxeekin, aurten hori izan da gure erronka, ikastetxeekin harremanak sendotzea, eta uste dut urrats handia egin dugula maila horretan. Une honetan, herriko kirol elkarteekin ari gara elkartegintza lanean euskararen erabilera sustatzeko.
Zein egitasmo dituzue martxan orain topagunean?
Maritxalar: Kuadrillategi, Aiko Maiko eta Mintzalaguna dira egitasmo izarrak nolabait ere. Horiekin batera Xenpelar Bertso Eskola helduen eskolekin ari da, eta haurrei begirakoak ere hasi behar ditu. Olentzero eta Mari Domingi Gabonetan, eta kantu jira hilabetero egiten ditugu. Kantu jirak 10 urte beteko ditu aurten eta Olentzero eta Mari Domingik 15.
Zenbat lagunek hartzen dute parte horietan?
Perez de San Roman: Mintzalagunean 140 lagunen bueltan gabiltza, Aiko Maikon 120 haur ari dira gehi beste 120 guraso, eta Kuadrillategin 50 bat gazte ari dira une honetan.
Helburua ere bada topagunera jendea hurbiltzea. Zertan laguntzea du bertaratzen denak, zein aukera ditu eta zer da eskatzen diozuena?
Perez de San Roman: Nahi duenean lagundu dezake etortzen denak, zabalik gaude eta edozer proposa daiteke topagunean. Une honetan hainbat egitasmo ditugu eta horietan parte har dezake, edo berriak proposatu. Interesen arabera parte har daiteke topagunean, eta interesgune horretan zentratuta.
Maritxalar: Zuzenean eskaera egingo dugu. Mintzalaguna egitasmoan jendea behar dugu, mintzalaguntzaileak, une honetan talde batzuk zintzilik ditugulako. Zehazki igandetan behar dugu mintzalaguntzailea, goizetan, eta norbaitek interesa badu gurekin harremanetan jar daiteke. Horretarako goizetan beti dago zabalik bulegoa. Beste bidea helbide elektronikoa baliatzea da eta horretarako
Lau Haizetararen helbide elektronikora mezua bidal dezakete interesdunek.
Facebook eta
Twitter kontuak ere baditu topaguneak.