Hilaren 17an (igandea) kale ekitaldia egingo du elkarte errepublikazaleak Errepublika etorkizuna da lemapean.
Pikoketaren aurreko ekitaldi bat.
Pikoketa Elkarte Errepublikazaleak, Espainiako II. Errepublikaren egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu ditu hilabete honetarako. Hilaren 6an, asteazkenarekin, egingo du lehena. Errenteriako Udalak babestuta eta Errenteriako Berdintasun Kontseiluarekin batera,
Todo comenzó con esta maldita guerra (Gerra madarikatu honekin hasi zen guztia) liburua aurkeztuko du Xenpelar Etxean 19:00etan. Vladimir Merino liburuaren egileak hartuko du parte aurkezpenean eta Luis R. Azpiolea kazetariak aurkeztuko du. Familia utzita Sobiet Batasunera joan behar izan zuen neska da protagonista. Hemeretzi urte ondoren, eta bost urteko haurrarekin itzuliko da Errenteriara. Sentimenduz beteta dagoela liburua esan dute Pikoketako kideek, “urteetan iparra galdu gabe egoera latzei aurre egin behar izan dien emakumeaz mintzo da liburua. Idazlearen amaren erretratua da liburua neurri handi batean”.
Espainiako II. Errepublikaren egunean bertan antolatu du Pikoketak bigarren ekitaldia, hilaren 14an (osteguna). Gurutz Jauregi EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak hitzaldia emango du
Monarkia edo errepublika: ezinbesteko eztabaida izenburupean. Hitzaldia 19:00etan izango da Xenpelar Etxean.
Hilaren 17an (igandea) kale ekitaldia egingo du elkarte errepublikazaleak.
Errepublika etorkizuna da lemapean elkarretaratzea egingo dute 13:00etan Alabergako biribilgunean. Handik abiatuta berriz, 13:30ean ikurrina eta errepublikako bandera igoko dituzte Herriko plazan.